Oinkari dantza taldeak protagonismo handia hartu du 2025ean, izan ere, 50 urte bete baitira bere sorreratik. Garai bateko eta egungo kideak lan handia egiten ari dira efemeride biribila merezi bezala ospatzeko. Maiatzean, esaterako, Lorezainen konpartsa antolatu zuten. Egun osoko ospakizuna izan zen, atzoko eta gaurko kideek burutu zutena. Hura eta gero, Oinkarik jomuga berria du: Ekainaren 21ean Olaederra kiroldegian ospatuko den Sugar ikuskizuna. Sustatzaileek horrela iragarri dute ekimena: "Oinkari dantza taldeak 50 urte beteko ditu azaroan. Mende erdiz sua bizirik mantendu da eta, gainera, etorkizuna ziurtatuta dago, bai baitago hauspoari eragingo dionik; Sugar emanaldiak bistan jarriko ditu Oinkariren iragana, oraina eta etorkizuna". Sarrerak 5 euroko prezioan salgai jarriko dituzte, ekainaren 13an, ikastolako ganbaran. Ordutegia zehatza da: 19:00etatik 21:00etara. Antolatzaileek aurreratu dutenez, soberan gera daitezkeen sarrerak emanaldiaren egunean bertan erosteko aukera izango da Olaederrako kiroldegiko leihatilan.
San Juan suaren bezperako dantza saioa
Ekainaren 23a gerturatzen ari da eta Amasa-Villabonako Erreboteko plazan suaren inguruko dantza egingo dute. Ekainaren 3an abiatu ziren entseguak Aljibean, eta hilaren 10ean eta 17an egingo dituzte hurrengo entseguak. San Juan bezperan, 20:00tan abiatuko da kalejira eta 22:00tan piztuko dute sua plazan.