"Ikastera eta gozatzera joango naiz Europako txapelketara"

Ainhoa Gil 2025ko eka. 23a, 07:00

Uztailaren 23an hasiko den Europako txapelketan arituko da Eneko Mesa. Aiurri

Danok Danena halterofilia taldeko kide da Eneko Mesa gaztea. 10 urte zituela hasi zen trebatzen, eta maila bikaina lortu du dagoeneko. Europako txapelketan lehiatuko da uztailean. Orain arte egin duen ibilbidearen, eta etorkizunaren inguruan aritu da gaztea.

Nolatan hasi zinen halterofilian?

Pedro Mari Otaño ikastetxean entrenatzen zuen Jon Ander Iriartek, eta bere saio bat ikustera joan nintzen lagun batekin. Probatzeko aukera eman zigun, eta horrelaxe hasi nintzen. Lehendabiziko urteetan teknika ikastea izaten da garrantzitsuena eta pisu gutxirekin aritzen gara. Postura egokiak hartzen ikasten duzu modu horretan, gero minik ez hartzeko. Hamahiru urterekin hasten gara pisua altxatzen. Kirol honek koordinazioa lantzen, elastizitatea irabazten, indarra hartzen eta diziplina izaten erakusten du. Unai anaia ere animatu nuen halterofilian hastera eta biok ari gara buru-belarri.

Zer nolako harremana duzue Danok Danena taldean?

Familia modukoa gara. Neska eta mutil, 50 kirolari inguru gabiltza eta giro bikaina dugu. Halterofilian, orokorrean, oso giro polita egoten da, oso sanoa. Errespetu handia izaten da kirolari guztien artean eta elkar animatzen dugu. Probatzera animatuko nuke jendea. Horrez gain, talde indartsua da Danok Danena. Gaur egun, munduko txapelketara iritsi den Eki Lizaso gure taldeko kide da eta, erreferente handia da guretzat. Animatu egiten gaitu eta hori ikaragarria da. 

Europako txapelketara joango zara uztailean. Zein da zure aurreikuspena?

Espainiako txapelketan lortu nuen bertara joateko txartela. Hamazazpi urtez azpikoen txapelketa zen, eta nik 14 urte izanda, helduagoak diren kirolarien aurka lehiatu beharra izan nuen. Ekaitz Cortajarena entrenatzaileak egin zituen sailkapena lortzeko altxa beharreko pisuen kalkuluak. Urduri hasi nintzen, baina gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Asko ikasteko balio dute horrelako txapelketek eta lagun asko ere egin ditut. Valentzia, Madrid, Leon... toki askotako lagunak egin ditut eta hori aberasgarria da. 

Uztailaren 23an hasiko da Europako txapelketa eta buru-belarri ari naiz prestatzen. Nire asmoa gozatzea eta ikastea da. Kirol emaitza ona lortzeko ahalegina ere egin nahi dut, nahiz eta badakidan ez dela erraza izango. Madrilgo errendimendu altuko zentruan egingo dugu egonaldia eta Madrilen bertan lehiatuko gara. 

Etorkizuna aipatu duzu. Zein da zure asmoa?

Halterofilian jarraituko dut, zalantzarik gabe. Madrilgo errendimendu altuko zentrora joan nahi nuke, hobetzen jarraitzeko. Entrenatzaileak, sendagileak, nutrizionistak, fisioak... zerbitzu osoa dago han eta asko gustatuko litzaidake aukera hori eduki ahal izatea. Hara joan ahal izateko, gure ibilbidea aztertzen joaten dira eta aukeraketa egiten dute. Ez da erraza izango, baina oraintxe bertan, hara joatea da nire ametsa. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 673 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!