Joan zen martxoan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkian jasotzen denez, Premier Espf Ipaz Haizea S.L. enpresak Amasa-Villabonako mendietan parke eoliko bat eraikitzeko asmoa duela. Proiektuak kezka eta ardura piztu du hainbat herritarren artean. Amasamendi Bizirik taldea sortu dute.
Lehen ekimenak martxan jartzeko lanean ari dira taldeko kideak eta asteburu honetan, informazio zabaltzeko eta sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute Villabonan. Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan, 18:00etatik 21:00etara Txermin auzoan izango dira taldekideak. Eguraldi onarekin, Garagardo Azokaren inguruan jarriko dute postua eta eguraldi txarrarekin, berriz, anbulatorioko aterpean. Larunbatean goizez ere jarriko dute mahaia Berdura plazan, 10:00etatik 13:00etara.
Bildutako sinadurak Amasa-Villabonako Udalari nahiz enpresa sustatzaileari bidaliko zaizkie, «azpiegitura erraldoia bertan behera uzteko eta ingurumena benetan errespetatuko duen eredu energetikoa sustatu dezaten eskatzeko».