Amasako Txakolin eguna, irailaren 13an

Aiurri 2025ko ira. 4a, 19:00

Irailaren 13an ospatuko da aurtengo Amasako Txakolin Eguna. Uxo-Toki elkarteak eta Amasako gazteek antolatzen dute ekimena. Aurten ere, sega txapelketa herrikoiak emango dio hasiera egitarauari eta, ondoren, Getariko jatorri izendapeneko txakolinak dastatu ahal izango dira. 

Egitarauari dagokionez, Sega Txapelketa Herrikoiaren 4. edizioa antolatu dute Amasako plaza ondoko sailetan, 16:30etan. Bederatzi parte-hartzaile izango dira guztira: Mikel Arretxe, Arkaitz Arretxe, Jon Beldarrain, Joseba Astiasaran, Julen Etxeberria, Jon Ezeiza, Kepa Otegi, Aimar Iraola eta Manex Ugarte.
 
Sega proba nazioarteko eran egingo da; alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dira kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute. 4 segalari hoberenak finalera igaroko dira; eta bertan, 200 metro koadrokoa izango da ebaki beharreko saila.
 
Ondoren txakolin dastaketa izango da. Aurten ere txekorra erreko da goizean goizetik, pintxo modura dastatzeko beste pintxo batzuen artean.
 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!