Eskola Kirolaren eredua defendatu dute Villabonako Udalak eta ikastetxeek

Aiurri 2025ko ira. 15a, 15:47

Villabonako Udalak eta herriko hiru ikastetxeek, FLEMING herri eskolak, ERNIOBEA institutuak eta ZUBIMUSU ikastolak, Eskola Kirolaren egungo ereduaren balioa eta garrantzia azpimarratzeko agerraldia egin dute gaur, Olaederra kiroldegian, eta honako puntu hauek nabarmendu dituzte:

 

Idatzi hau sinatu duten eragileek, haur guztiei Eskola Kirola egiteko aukera bermatzeko konpromisoa berresten dute, Eskola Kirolak haurrengan eta gizartean dituen onurengatik.

Multikirolean oinarritutako eredua

Eskola Kirola multikirolean oinarritzen da; hau da, haurrei askotariko mugimendu-esperientzia zabala eskaintzen zaie. Honek mugimendu-gaitasunak garatzen laguntzen du,
gorputzaren koordinazioa hobetzen du eta muskulu- eta hezur-egiturak modu orekatuan indartzen ditu. Kirol eta jolas ezberdinak probatzeak haurren motibazioa eta interesa pizten ditu, eta kirolarekiko atxikimendua sustatzen du epe luzera. Helburua ez da eliteko kirolariak
sortzea, baizik eta bizimodu aktibo eta osasuntsua bultzatzea.

Haurren garapen integrala

Eredu hau funtsezkoa da haurren garapen fisiko eta psikosoziala bermatzeko.
Multikirolean oinarritutako ikuspegiak, askotariko kirol-jarduera sustatzeaz gain, balioetan heztea eta pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten ditu, lehiaketaren gainetik. Talde-lana, errespetua, lankidetza eta enpatia indartzen ditu, eta lagundu egiten die haurrei askotariko egoeretara egokitzen eta harreman sozialak eraikitzen. Horrez gain, lehiaketa-presioa murriztuz, inklusibitatea eta parte-hartze unibertsala bultzatzen ditu, haur guztiek, edozein gaitasun fisiko dutela ere, kirolaren onurez goza dezaten.

Eskola Kirolaren helburuak

  • Haur aktiboak sustatzea eta kirol-kulturan heztea.
  • Osasuntsu haztea bultzatzea.
  • Harremanak eraikitzen eta balioetan heztea: lankidetza, kohesioa, konpromisoa, apaltasuna, solidaritatea...
  • Kirol-kultura eta euskara sustatzea.

Emaitza nabariak Gipuzkoan

Gipuzkoan urte asko daramatzagu eredu hau sustatzen, eta emaitzak begi-bistakoak
dira: goi-mailako kirolarien dentsitatea estatuko handienetakoa da, eta bereziki nabarmentzekoa da emakume kirolarien kopurua. Gipuzkoako gizartea oso aktiboa da, eta sedentarismo datuak estatuko baxuenetakoen artean daude.

Gizartearen eta kirolaren mesedetan

Umeen garapen integrala, ludikotasuna eta personen ongizatea lehenesten dituen eredu
hau mesedegarria da bai gizartearentzat, bai etorkizuneko eliteko kirolarientzat.
Azpimarratzekoa da Realak ere eredu honen aldeko apustua egin duela.

Haurren garapenez gain, baditu bestelako onura batzuk gizartean:

Gazteak; ardurak eta aukerak

Eskola kiroleko multikirola programak, kirolariei ez ezik, gazteei ere aukera politak
eskaintzen dizkie. Begirale lanetan hasten diren gazteek, etorkizunean irakasle, klubetako entrenatzaile, aisialdi taldeetako begirale profesional eta kualifikatuak izango diren horiek, aurrenekoz 8-12 urte bitarteko ikasleekin lanean aritzeko aukera izaten dute. Horrek, lana gustokoa duten edo ez jakiteko balio izaten die, eta urtetik urtera trebatuz joateko aukera
paregabea ere izaten dute. Ikasleentzako bezalaxe, eurentzako ere lehen aldia izanik, helburu nagusia ikastea da.

Herriak, kultura, lagunak

Multikirola programak, kirolari lotua ez dagoen alor batean ere jartzen du bere alea.
Aiztondoko haurrei ezagutarazteko aukera, alegia. Ez herriak bakarrik, bertako ikastetxe, plaza, jolasleku eta biztanleak ere bai. Aurrerago, eskolan, kluben batean edo kalean elkarrekin
igaroko dituzten urte horietarako lehen kontaktua izaten da, larunbatetako ekintzei esker
ikasleek bizitzen dutena.

Horregatik guztiagatik, adierazi dute euren esku dagoen guztia egingo dutela, ez dadin oztoporik egon haur guztiek kirolaren onurez gozatzeko. Gaitasunak, jatorria, aniztasun funtzionala zein egoera ekonomikoa edozein izanda ere, haur guztiei aukera berdinak bermatzeko konpromisoa hartu dute.

“Jolas Hezi” programa ere aurkeztu dute. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrei zuzenduta dago, eta bertan izena emateko aukera izango dute. Gurasoei, seme-alabak animatzeko gonbita egin diete. Ekimen honen bidez, haurren bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea eta jolasaren bidez garapen pertsonala, soziala zein hezitzailea bultzatzea dute helburu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!