Joan den irailaren 13an emakumeak igo ziren Villabonako Berdura plazako oholtzara. Arratsaldean hasi ziren kontzertuak eta gauera arte luzatu zen musika giroa. Estilo ezberdinetako talde eta bakarlariak igo ziren eszenatokira.
Emakumeak, oholtzara
Lurgatz talde feministako kidea da Amagoia Eskudero billabonatarra eta, hark azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak: "Emakumeek ez dute gizonek adinako aukerarik izaten oholtza gainean abesteko, dantzatzeko... Hori horrela, hutsune hori era batera edo bestera betetzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Kontzertu-sorta antolatzea erabaki genuen, emakume desberdinei parte hartzeko aukera emateko, batzeko. Esanguratsua izan daiteke beste faktore bat ere: batzuen ahotik entzun ohi da ez daudela emakumez osaturiko musika-taldeak. Antolatutako kontzertu sorta honekin hauxe erakutsi nahi dugu: Hemen dituzue batzuk eta beste horrenbeste badaude".
Musika estilo zabala
Iraia Cambra, Olaia Toral eta Maider Iñurrita, Dudik-pe, Ayvee, Erreugiñak eta Alarma morea igo ziren eszenatokira. Bertsioak, pop, rap, runba, reggae... denetarik eskaini zuten. Arratsaldeko 18:00etan eman zioten hasiera jaialdiari eta, musikarako gogoa nabarmena zen hasieratik. Festa giro goxoan elkartu ziren entzuleak.
Elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da 'Gure eszena, emakumeak oholtzan': "Jende askok ikusi zuen horrelako ekimen bat aurrera eramateko beharra. Esan daiteke bultzada nagusiena Lurgatz talde feministak eman duela. Beti ere hor daude Berdintasunean Ados taldeko beste kideak ere eta aurrekontuari dagokionean, Udalak hartu du bere gain... Bestalde, egunaren antolakuntza lanetan jende gehiago ere aritu gara".
Giro polita sortu zen Berdura plazan. Familia giroan elkartu zen jende arratsaldean eta, gauak aurrera egin ahala, lagunartean bildu ziren gazteak.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 677 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.