Gau Beltza | Aiztondo

"Jendea zain egoten da, Gau Beltzeko kalejiran zer ikusiko"

Ainhoa Gil 2025eko azaroaren 7a

Bihotz Zumeaga eta Aitziber Cenzano taldekideak, Katea etxeko beldurraren pasabidea prestatzen.

Amasa-Villabonako Gau Beltza sortu eta indartu du Zunbeltz antzerki taldeak. Urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere antolatzen dute herrian. Bihotz Zumeaga eta Aitziber Cenzano taldekideek eman dute horien guztien berri.

Noiz eta zergatik hasi zineten Amasa-Villabonan Gau Beltza antolatzen?

Aitziber Cenzano: Gure inguruan Halloween festa indarra hartzen hasi zela sumatu genuen. Hori horrela, gure aurrekoek kontatzen zuten arimen gauaren inguruko informazioa biltzen hasi ginen.

Olentzeroren bidea antolatzen genuen ordurako eta bere bidea hartua zuen; San Juan bezperan ere ateratzen hasita ginen. Olentzero haur gaztetxoei zuzenduta zegoen eta, San Juan sua adin ezberdinetako emakumeak elkartzeko bilgune gisa bideratua genuen. Nerabeei zuzendutako eskaintzan hutsune bat genuela ikusten genuen eta Gau Beltza horretarako oso egokia zela iruditu zitzaigun.

Azaldu duzuenez, Gaztelekuan egin duzue beldurraren pasabidea. Nolakoa izan da Zunbeltz eta Gaztelekuaren arteko elkarlana?

A.C.: Iaz ere egin genuen horretarako saiakera, baina oraindik zerbitzuaren esleitze prozesua zabalik zegoen, eta ez zen posible izan. Aurten elkarlanean aritzea lortu dugu. Gau Beltzean bertan izan ziren hezitzaileak, gurekin batera lanean, eta positiboa izan da.

Eta kalejira?

Bihotz Zumeaga: Indarra hartu du azken urteotan. Kalean jendea zai-zai egoten da, zer ikusiko. Herriko ikastetxetan ere lanketa handia egin dute azken urteotan eta, geroz eta gehiago dira Gau Beltzeko mozorroekin ateratzen direnak. Oso giro polita sortzen da herrian.

A.C.: Jende askoren parte-hartzea izaten du. Aurten, Loatzo Musika Eskolako batukada etorri da gurekin eta, Besamotza konpartsak zezen suzkoa atera du. Kalejira amaituta, bi taldekidek prestatutako gaztaina erreak eskaini genituen plazan. Parte-hartze handia izaten du kalejirak.

Nola joan ziren bezperako egunak eta ospakizuna bera?

A.C.: Bezperan egin genuen Gaztelekuko muntaia guztia. Eguna iritsita, gozatu egin genuen; oso ondo pasatzen dugu guk ere. Kalejira amaituta, Gaztelekura itzuli, eta traste guztiak bildu genituen. Lan handia ekartzen du Gau Beltzak, baina oso ondo pasatzen dugu. Ondo etorriko litzaiguke jende gehiagoren laguntza ere.

Arrakasta handiz antolatzen du Zunbeltz antzerki taldeak Olentzeroren bidea ere. Iaz atseden hartu zenuten. Aurten ba al duzue egiteko asmorik?

A.C.: Bai, data oraindik zehaztu gabe badago ere, egiteko asmoa dugu. Aldaketaren bat txertatu nahi dugu eta gure artean horren inguruan hitz egiten hasiak gara dagoeneko. Betiko zentzu bera izango du, gure Olentzaroa irudikatzekoa, baina berrikuntzaren bat egin nahi genuke.

B.Z.: Errekako bueltak aukera asko ematen ditu eta dagoeneko ari gara horretan. Zazpi urte daramagu Olentzeroren bidea egiten.

A.C.: Ordura arte Zunbeltz elkarteak Olentzeroren jaitsiera egiten zuen abenduaren 24an. Garai hartan zinegotzi zen Garazi Bengoetxeak eskatu zigun ekitaldiari buelta bat ematea eta, berehala sortu zen egitasmoa. 60 pertsona inguru egoten gara pase bakoitzean eta ume asko mugitzen duen ekitaldia da. Herriko umeei ematen diegu lehentasuna. Haurrak dira egun horretako protagonistak eta erreka-zuloak ez du uzten nahi adina jende sartzen. Bestalde, parte hartuko duen jendea behar dugu Olentzeroren bidea egin ahal izateko. Izena emateko deialdia egingo dugu.

San Juan bezperan ere ekitaldi berezia antolatzen duzue...

B.Z.: Pandemia betean, 2020ko ekainean egin genuen lehendabizikoa. Jende pilaketarik egin ezin zenez, ez zen ekitaldirik egin plazan eta gu mugitu ginen auzoz auzo, pertsonaia ezberdinak kaleratuta, ikuskizuna eskainiz. Ikaragarri gozatu genuen egun hartan, oso polita izan zen. Sorpresa handia hartu zuten herritarrek. Adin ezberdinetako herritar askok parte hartu genuen, pertsonaia asko irudikatuz; oso aberatsa izan zen lehendabizikoa.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 680 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!