Maite Barandiaranek lehen pertsonan ezagutu zuen Oinkari dantza taldearen sorrera prozesua: "1975eko udan hasi ginen dantza taldearen sorreraz hitz egiten. Herriari zabaldutako deialdi zabala egin genuen, zer eta nola egin erabakitzeko. Azaroaren 20a zen horretarako finkatutako eguna. Franco hil zen, eta ezin izan genuen inolako bilerarik egin. Hurrengo astean lortu genuen lehen bilera egin eta ekimenari forma ematen hastea. Nolanahi ere, Oinkariren sorrera data azaroaren 20an mantetzea erabaki genuen".
Hasiera
Tolosako Udaberri dantza taldeko kideengana jo zuten laguntza eske: "Talde indartsua zen eta bertako bi lagun etorri ziren guri laguntzera. 40 pertsona inguruko taldea osatu genuen". Materiala erosi, dantzen jatorriaren inguruan ikasi... taldeari forma ematen hasi ziren. "Handik urtebetera Muruetara joan ginen dantza saio bat eskaintzera eta bidaia hori ikaragarria izan zen guretzat", azaldu du Maitek. Umeei dantza erakusten ere hasi ziren.
1983ko uholdeetan material guztia galdu zuen taldeak. "Eta taldekide asko guraso izaten hasi zen garai-inguru horretan. Horrek guztiak etena ekarri zuen".
Biziberritzea
Eneko Arteagak hartu du hitza jarraian, taldearen bigarren etaparen inguruan hitz egiteko: "Ume nintzela hasi nintzen ni Oinkarin, ikasle gisa. Etena iritsita, konturatu ginen gure belaunaldikooi zegokigula erreleboa hartzea. Taldea eramaten hasi ginen eta, bilakaera horretan garrantzitsua izan zen Edu Muruamendiarazen sarrera. Orduz geroztik, proiektu ezberdinetan sartzen joan gara. Korrontziren bidez mundura salto egiteko aukera izan genuen eta olatu hori aprobetxatuz, beste hainbat artistarekin lan egin izan dugu eta hala egiten jarraitzen dugu".
Egitarau oparoa prestatu dute azaroaren 20an hasita.

Une gozoa bizitzen ari da Oinkari dantza taldea, 50. urteurrenera iritsi den honetan. 230 dantzari inguru dabil taldean eta 14 irakasle dituzte. Ospakizun betean murgilduta ibiliko dira azaroaren 20tik aurrera, hainbat ekitaldi antolatuta. Gonbidatu ezberdinak ere izango dituzte azaroaren 21eko ekitaldi nagusian.
Kantua
Korrontzi taldeko Agus Barandiaran ere aurkezpenean egon da. Urte asko da Oinkari dantza taldearekin elkarlanean ari direla. Hainbat herrialdetan eskaini dituzte ikuskizunak, guztira 700dik gora. Ospakizunetan ere modu berezian parte hartuko du Korrontzik izan ere, 50. urteurrenaren harira, abesti bat sortu baitu Agus Barandiaranek.
Agus Barandiaranek ere hartu du hitza gaurko aurkezpenean: "Nire etxean egiten nituen doinuak eta, halako batean grabatu egin nituen. 2009an, nik ezer jakin gabe, nire abesti batzuekin koreografiak sortu zituztela helarazi zidaten Oinkaritik. Barrutik bete ninduen horrek. Nire trikitixari zentzua eman dio Oinkarik". Geroztik, harremanak ez du etenik izan eta mundu osoan barrena ibili dira.
Udala
Villabonako Udalari eskerrak emanaz amaitu du agerraldia Eneko Arteagak, "ibilbide hau guztia ez litzatekeelako posible izango udalaren babesik gabe. Babes ekonomikoaz gain, oso garrantzitsuak dira emanaldietarako ematen dizkiguten erraztasunak". Beatriz Unzue alkateak, bere aldetik, "horrelako eragile garrantzitsu baten urteurrenean alkate izatea egokitzea ohorea da niretzat. Udalak beti jarraituko du zuen alboan egoten, duela 50 urte sortutako sokak etenik izan ez dezan".