Jon Sarasua hizlari ariko da Amasa-Villabonan, Uzturre Foroak antolatutako ekitaldian

Aiurri 2025eko azaroaren 21a

Artxiboko irudia.

"Euskararen etorkizunaren harira, nola gaude eta nora goaz" izenburupean, solasaldia antolatu du Uzturre Foroak. Abenduaren 2an izango da, 19:00etan hasita, Villabonako Subijana Etxean.

Uzturre Foroak bere ekitaldien egitarauarekin aurrera darrai eta, oraingoan, Amasa-Villabonan antolatu dute ekitaldia. Hizlaria Jon Sarasua izango da eta alboan izango du Gorane Agirre kazetaria. Solasaldia abenduaren 2an izango da, asteartearekin, Villabonako Subijana Etxean, 19:00tan hasiko da.

Deitzaileek hizlariaren soslaia laburtu dute: "Jon Sarasua idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUEZI fakultateko irakaslea izateaz gain, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz sakon eta zorrotz hausnartu, idatzi eta hitz egin duen pertsona da. Solasaldi honetarako aukeratutako izenburuak, hain zuzen ere, gai honi egiten dio erreferentzia: Euskaren etorkizunaren harira, nola gaude eta nora goaz".

"Uzturre Foroaren Adiskideak"

Uzturre Foroak "Uzturre Foroaren Adiskideak" figura sortu du eta Uzturre Foroko Adiskide izan nahi dutenek www.uzturreforoa.eus web orriaren bidez egin dezakete. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera ere idatz dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa idatziz eta Uzturre Foroaren komunikazioak nola jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-posta edo whatsapp-a.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!