“Jolasa eta euskara uztartzen ditu 'Bota erantzuna' lehiaketak”

Ainhoa Gil 2026ko urtarrilaren 23a

Amaia Senperena, Galtzaundiko komunikazio arduraduna.

Galtzaundi euskaltzaleen elkarteak 14-15 urte arteko gazteentzat prestatutako ekimena da honakoa. Amaia Senperena billabonatarra Galtzaundiko komunikazio arduraduna da eta hark eman ditu azalpenak

Urtarrilaren 31n jokatuko da, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, 'Bota erantzuna' lehiaketako finala. Kontaiguzu, zer da 'Bota erantzuna'?

Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak iaz abiarazitako ekimena da. 14-15 urte inguruko gazteei zuzendutako lehiaketa da. Seiko taldetan parte hartzen dute eta dagoeneko martxan da. Aurten zazpi talde animatu zaigu parte hartzera. Euskaraz bizitzeko eta euskaraz gozatzeko aukera zabaltzeko asmoz antolatu genuen lehiaketa. Galtzaundin bagenuen kezka adin horretako gazteei zuzendutako eskaintza ez delako oso zabala. Euskara eta jolasa lotuko zituen formatu honen alde egin genuen. Mihiluze, Burubero... estilo horretako lehiaketak hartu genuen ardatz gisa. Bizkortasuna, talde lana..., horiek sustatzen ditu 'Bota erantzuna' lehiaketak. Iaz ospatu genuen lehen edizioa eta, aurten bigarren bat egitea erabaki genuen. 

Zer moduz joan zen iazko esperientzia?

Oso erantzun positiboa jaso genuen. Bederatzi taldek hartu zuen parte eta oso ondo pasa zuten. Proba dinamikoak prestatzen zaizkie, musika ere egoten da eta elkarren arteko harremana sustatzen da. Gazteek oso ondo pasa zuten eta helburuak ondo beteta geratu ziren. 

Zeintzuk dira lehiaketaren helburu nagusiak?

Jolasa eta euskara lotzea da helburu garrantzitsuena. Horrez gain, eskualdeko herri ezberdinetatik datozen gazteei, elkar ezagutzeko aukera ederra ere eskaintzen die lehiaketak. Elkarrekin arratsalde polita pasatzen dute. Lehiaketan murgiltzen dira gazteak eta taldeen arteko lehiakortasun sano hori ere sortzen da. Oso polita izan zen hori iaz eta aurten ere giro beretsua sortzea espero dugu. 

Egungo gazteak sare-sozialetan murgilduta daude eta euskara taldeek presentzia izan behar dugu hor ere, noski, gazteei gauza ezberdinak eskaintzen. Baina garrantzitsua iruditu zitzaigun ekimen presentzialak ere antolatzea; gazteek elkar-ezagutzeko aukera izan dezatela. Bigarren helburu hori ere oso garrantzitsua da.

Zein formatu du lehiaketak?

Proba ezberdinak prestatzen ditugu. Galdera-erantzunak, imintzioka... proba askotan talde osoak hartuko du parte eta beste batzuetan banaka, edo binaka arituko dira lehiakideak. Eskualdearen inguruko galderak, Euskal Herriari buruzkoak, galdera orokorragoak... gai ezberdin askoren inguruko probak prestatzen dira, euren trebetasuna erakutsi dezaten. Lehiaketa dinamikoa izan dadin saiatzen gara, guztiok ondo pasatzeko modukoa. Lehen kanporaketa urtarrilaren 22an ospatu da Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean; bigarren kanporaketa Anoetako Mikelasagasti auditorioan, urtarrilaren 23an eta final handia urtarrilaren 31ean, 16:00etan, Villabonako Gurea antzokian.

Galtzaundi euskaltzaleen elkartean ari zara lanean. Zein ekimen antolatzen du elkarteak urtean zehar?

Mintzalaguna ekimena martxan dugu, horrez gain, okindegietan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina ere abiatu da. Merkataritzari zuzendutako kanpaina ezberdinak antolatu ditugu azken urtetan; fruta-dendak, harategiak, okindegiak... alor ezberdinei bideratutako kanpainak izan dira. Sormenetik gurera ekimena ere bideratzen dugu. 

Bestalde, Eusle proiektua ere martxan da Villabonan. Ikastetxeetan ahalduntze ikastaroak antolatzen ditugu, gazteek euskararekiko duten harremana landu eta sustatzeko asmoz. Bi ikasturtez behin garatzen da ekimen hau.

Urtea hasi berri den honetan, aurten garatuko ditugun ekimenei forma ematen ari gara.

Egoitza berrian ari zarete orain...

Bai, Tolosako Nafarroa etorbidetik, Plaza Berrira joan gara. Ekintza gehiago antolatzeko modua eskaintzen digu egoitza berriak. 70 pertsonentzako tokia duen aretoa dugu, eszenatoki eta guzti, eta horrek ekitaldi ezberdinak eskaintzeko aukera ematen digu. Gure elkartetik antolatzen diren ekimenez gain, beste talde eta eragileei ere eskaintzen diegu gure egoitza erabiltzeko aukera eta dagoeneko zenbait emanaldi egin da bertan. Herritarren eskura dago egoitza berria, aurrekoak baina ikusgarritasun handiagoa du, eta dagoeneko ari da jendea bertara gerturatzen. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!