Batetik, Esolaga baserrira doan bidea asfaltatu du. Bidarte baserriko bidegurutzetik Esolaga baserriraino iristen den bidea egoera txarrean zegoen: lokatza zegoen, zuloak zeuden eta zenbait tokitan harkaitza bistan zegoen. Kotxeek, zenbait tokitan, harrien gainetik ibili behar zuten eta asfaltoa geratzen zen tarte askotan belarrak ateratzen hasita zeuden. Bide horrek zituen ezaugarriak direla eta (oso estua da eta asfaltatu aurretik bidea behar bezala berreskuratu eta berdindu behar zen) makinaria berezia erabili behar izan da. Asfaltos Urretxu, S.A. enpresak egin du lan hori, eta Udalak 48.313 euroko inbertsioa egin du.
Bestetik, Muñoki baserrira doan bidea; eta Igarategi baserria eta Marrubitza etxea lotzen dituen bidea ere asfaltatu dira. Arrakala batzuk zeuden bide publiko hauetan eta arazoak handitzen joan ez zitezen, birrasfaltatze lanak egin ditu Udalak. Lan hauek Mularri, S.L. enpresak egin ditu, eta Udalaren inbertsioa 45.682 eurokoa izan da guztira.
Udalak 2026. urtean bide publikoen asfaltatze lanekin jarraitzeko konpromisoa hartu du eta egoera kaskarrean aurkitzen diren zenbait errepide konpondu eta asfaltatzeko aurrelanak abiatuko ditu.