Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berria, erabilgarri

Aiurri 2026ko otsailaren 8a

Amasa-Villabona eta Irura lotzen dituen bidegorri berria urtarrilaren 23an jarri zuten martxan. Ibilbideak oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak erraztea du xede, baina azken egunetan hainbat erabiltzaileren kexak ere plazaratu dira

Azpiegiturak bi udalerrien arteko lotura berri bat ekarri du, eta eguneroko joan-etorrietarako zein aisialdirako mugikortasun aukera “seguruagoa eta irisgarriagoa” eskaintzea du helburu.

Bidegorri berria aurkezteko ekitaldian izan ziren Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Gorka Murua Irurako alkatea. Jarduketak 3,17 milioi euroko azken aurrekontua izan du, hasieran aurreikusitakoa baino % 32 handiagoa, obrak gauzatzeko garaian egin behar izan diren “aldaketa teknikoen ondorioz”.

Ibilbidearen ezaugarri nagusiak

Bidegorriak 1,83 kilometro inguruko luzera du, eta bi herriak ibilbide jarraitu baten bidez lotzen ditu. Lurraldeko bizikleta-sarean integratuta dago, eta diputatuaren esanetan “hiriguneen, industrialdeen eta hezkuntza-ekipamenduen arteko mugikortasuna errazten” du.

Finantzaketa

Bidegorria Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du, eta Europako Batasuneko EGEF funtsen bidez kofinantzatu da. Jarduketa Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren barruan kokatzen da, eta Donostia eta Beasain arteko I-3 ibilbidearen parte bihurtu da.

Seinalizazioa

Azken egunetan, herritarrek eta Amasa-Villabonako EAJk bidegorriaren seinalizazioari buruzko kexak plazaratu dituzte. Erabiltzaileen esanetan, zenbait puntutan ibilbidea ez dago behar bezala markatuta, eta horrek arrisku egoerak sor ditzake: aldapa igo ondoren ezkerrera hartu behar da zubia pasatzeko, baina seinalizazio faltagatik txirrindulariek aurrera jarrai dezakete, bereziki bidea ezagutzen ez badute eta abiaduran doazenean.

Bestalde, bidearen diseinuari buruzko oharrak ere egin dituzte. Herritar batek nabarmendu du bizikletek ez dituztela erraz egiten 90 graduko bihurguneak, eta horrek maniobrak zailtzen dituela. Beste erabiltzaile batzuek, berriz, txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarbizitzari lotutako zailtasunak aipatu dituzte.

Foru Aldundiaren erantzuna

Jasangarritasun Departamentuak adierazi du, ordea, bidegorria indarrean dagoen araudi tekniko eta legalaren arabera diseinatu, gauzatu eta baliozkotu dela, eta seinalizazioari zein irisgarritasunari dagokienez ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela.

Departamentuaren arabera, bidegorriak seinaleztapen horizontala du, zirkulazioaren trazadura eta noranzkoa adierazten du lerro etenen bidez, eta 465/2025 Errege Dekretuan, 8.1-IC eta 8.2-IC seinaleztapen arauetan nahiz Gipuzkoako foru-bidegorrien seinaleztapen-gidan jasotakoa aplikatu da.

 

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!