Udalak azaldu duenez, azken hilabeteetan hainbat kexa jaso ditu txakurrekin lotutako egoerengatik, hala nola gorotzak eta pixak bide publikoan uzteagatik, zaunkengatik edo txakurrak lotu gabe ibiltzeagatik. Horren harira, indarrean dagoen animalien udal-ordenantza gogoraraztea da kanpainaren helburuetako bat. Kontzientziazio kartelak jarriko dira herriko atari guztietan, eta eskuorriak banatuko dira buzoi guztietara.
Bestalde, Udalak Agaraitz auzoan txakur-parke berria ireki du, ia 1.000 metro koadroko gune hesitua. Azpiegitura horretan 12.082 euroko inbertsioa egin da, eta bigarren txakur-parke baten kokapena aztertzen ari dira.
Ekitaldian parte hartu dute:
- Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkatea
- Xabat Laborde, alkateordea
- Ivan Kortajarena, Udaltzaingoaren burua
Prentsa oharra
Azken urteotan nabarmen egin du gora txakur kopuruak Amasa-Villabonan. Maskotak familia askoren parte dira eta animaliekiko maitasun hori positiboki baloratzen du Udalak.
Txakur kopuruan ematen ari den hazkunde horrek, ordea, bizikidetzarekiko konpromiso handiagoa eskatzen du.
Kasu batzuetan, bizilagunen arteko gatazkak sortu dira, txakur jabeen gutxiengo baten jokabide ezegokiak tarteko. Azken hilabeteetan dezente izan dira Udalera jo duten herritarrak txakurrekin zer ikusia duten egoera ezberdinek sortutako ondoeza azaltzera. Besteak beste, txakurren kakek eta pixek, zaunkek edo kaleetan aske ibiltzeak eragindako gertaera ezatseginak areagotuz doaz eta Udalak ezin du beste alde batera begiratu. Izan ere, arazo horiek funtsezko zerbaitekin saihets daitezke: erantzukizuna eta besteekiko errespetua.
Hori horrela, garrantzitsua da gogoraraztea Amasa-Villabonan animaliei buruzko udal-ordenantza bat dagoela indarrean, eta eremu publikoaren erabilera arduratsua bermatzeko arau argiak ezartzen dituela
Araudi osoa kontuan hartu behar bada ere, animalien gaineko udal-ordenantzaren betebehar oinarrizkoenak honakoak dira:
• Txakurrek txipaz identifikatuta egon behar dute
• Txakurraren jabeak gorotzak jaso behar ditu
• Une oro lotuta eraman behar dira txakurrak
Bestalde, arriskutsutzat katalogatutako txakurren kasuan, aipatutako betebehar horietaz gain, jabeek honakoak izan behar dituzte kontuan:
• Txakurrak Villabonako Udalean erroldatu beharko dituzte
• Bozala jarrita eraman beharko dute une oro.
Udaltzaingoa kalean izango da arau hauek betetzen direla ziurtatzeko, eta zentzuzkoa den denbora tarte batez pedagogia landuz. Horrek eraginik izango ez balu, neurri zorrotzagoak hartu beharko dira.
Dena den, azpimarratu Udalaren helburua ez da zigortzea edo isunak ezartzea. Batez ere txakurrak dituzten herritarrak kontzientziatzea, ezarrita dauden arauak errespetaraztea eta horrela, guztion arteko elkarbizitza hobetzea da ekimen honekin Udalak lortu nahi duena.
Txakur-jabeak diren herritarrei betebeharrak gogoraraztearekin batera, beraiei eta txakurrei zuzendutako zerbitzu eta azpiegitura berriak sortu dira. Horrenbestez, Udalak Agaraitz auzoan Txakurrentzako parke berri bat sortu du. Maskoten gozamenerako eta ongizaterako pentsatutako gune honek, ia 1.000 m2-ko partzela hesitua du, ur-iturriarekin eta txakur-gorotzak botatzeko zakarrontziekin.
Udalak 12.082 euroko inbertsioa egin du txakur parke hau sortzeko eta lanak K1 EKOPAISAIA S.L.L. enpresak egin ditu. Gainera, herrian bigarren txakur-parke berri bat sortzeko zonalde posibleak aztertzen ari da Udala, Villabonako herrigunean bertan edo herrigunetik ahalik eta gertuen.
Arduraz jokatzeko eta bizikidetzan aktiboki laguntzeko deia egin nahi die Udalak herritar guztiei. Errespeta ditzagun gure bizilagunak eta herriko espazio publikoak, bete ditzagun ezarritako arauak eta eraiki dezagun guztion arteko begirunean oinarritutako elkarbizitza eta bizikidetza sano bat.
Amasa-Villabonan, 2026ko otsailaren 10ean