Nola sortu zen Eresargi Gazte Abesbatzaren proiektua, eta zein testuingurutan kokatzen da gaur egun?
Eresargi Gazte Abesbatza duela 13 urte sortu zen bigarren aldiz. Izan ere, aurretik beste Eresargi Gazte Abesbatza bat bazegoen, baina desagertu egin zen, zuzendariak utzi egin zuelako.
Ondoren, 15 urte inguru igaro genituen gazte-abesbatzarik gabe. Helduen abesbatzatik, ordea, beti ikusi da nolabait harrobia egiteko beharra.
Kontziente gara gazteak ez direla kasualitatez guregana etorriko, baina, aldi berean, ardura moduko bat sentitzen dugu abesbatza musika galdu ez dadin zerbait egiteko. Asmo eta testuinguru horretan sortu zen berriro Gazte Abesbatza.
Egitasmoak benetako sendotasuna Klara Mendizabalekin hartu zuen; bera proiektuan buru-belarri murgildu da, eta azken hamar urteetan harekin batera egin dugu bidea.
Pandemiaren aurretik Gazte Abesbatza bere unerik onenean zegoen, kide kopuru handiarekin, baina pandemiak min handia egin zuen. Oro har, gazte abesbatzek gorabehera handiak izaten dituzte: adin jakin batera iristean askok utzi egiten dute, eta ondoren gazteagoak sartzen dira, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Pandemiaren ondoren, hala ere, proiektua oso haur gutxirekin geratu zen, eta kopurua pixkanaka jaisten joan da.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharra dago gaur egun talde txikia izan arren kalitate maila oso ona dela: gutxi dira, baina oso ondo kantatzen dute eta soinu aldetik maila handia dute. Dena den, badakigu proiektua modu aktiboan elikatu ezean zein izan daitekeen bilakaera.
Testuinguru horretan, nola sortu zen Go!azenekin elkarlanean aritzeko ideia, eta zein da egitasmoaren helburua?
Egoera horren aurrean otu zitzaigun Go!azenekin zerbait egitea, kontuan hartuta gazteen artean pil-pilean dagoen fenomenoa dela. Proiektu honetan Go!azeneko bi kidek parte hartuko dute, ez denek.
Helburu nagusia da haurrek esperientzia positibo bat bizitzea eta taldean kantatzea zer den ezagutzea. Abestiak ahots batera edo, gehienez, bi ahotsetan landuko dira, eta asmoa ez da obra handiren bat egitea, baizik eta ondo pasatzea eta Go!azeneko kantuak abestea. Azken finean, beste esperientzia mota bat eskaintzea da helburua.
Badakigu hemen parte hartuko duten guztiak ez direla gurekin kurtsoan geratuko, baina baliteke bati edo besteri gustatzea eta gurekin bestelakoak abesten jarraitzeko gogoa piztea; hala bada, gu gustura hartzeko prest gaude.
Lehen entsegua egin duzue dagoeneko. Nolakoa izan da hasiera, eta zein pauso emango dituzue hemendik aurrera?
Oso gustura ibili ginen lehen entseguan. Gurasoen mezuak ere jaso ditut ondoren, euren haurrak gustura egon direla esateko. Nire ustez, lehenengo helburua giro erosoa eta polita sortzea zen, eta hori lortu dugula uste dut.
Abestu beharreko kantuak betikoak dira, haurrek ezagunak dituztenak; beraz, pixkanaka joango gara lantzen eta fintzen. Guztira bost entsegu egingo ditugu, eta saioz saio egitasmoa osatzen joango da.
Guretzat ere esperientzia berria izan da, ez genekielako zenbat jende etorriko zen, eta oso sorpresa ona hartu dugu parte-hartzeari dagokionez. Une honetan, maiatzaren bukaeran emanaldi nagusia egitea da gure asmoa.
Oraindik data zehaztu gabe dago, baina Villabonan izatea aurreikusten dugu; Gurea Zineman egiteko aukera gustatuko litzaiguke.
Oraindik badago izena emateko aukera?
Bai, izena emateko aukera zabalik dago. Entseguak errepikakorrak izango dira, eta haurrek kantuak ezagutzen dituzte dagoeneko; beraz, taldera batzea erraza da. Saioetan taldean abestea landuko da, beraz, ikastaroa hasita egon arren, ikastaroaren erdian ere ez dago arazorik izena emateko.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 687 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.