Elkartasun azoka, larunbatean Villabonan

Aiurri 2026ko otsailaren 25a

Villabonako Elkartasun Sareak eta Irrika Aisialdi Taldeak elkartasun azoka antolatu dute larunbat honetarako, Villabonan. 10:00etatik 13:30etara, postuak jarriko dituzte Berdura plazan, jostailuak banatu eta esnea zein galletak biltzeko. Ekimenaren aurkezpena egin dute

2023an antolatu zuten lehen Elkartasun Azoka. Irrika aisialdi taldeko Xuban Garmendiak azaldu duenez, "Elkartasun Sareak eta Irrika aisialdi taldeak elkarlanean egindako egitasmoa da. Helburu nagusia trukea da: elkartasun sareak biltzen dituen eta soberan geratzen diren jostailuak Villabonako umeei ematen zaizkie eta beraiek esnea eta galletak ekartzen dituzte, trukean. Irrika aisialdi taldeko kide garenez, garrantzitsua iruditzen zaigu umeekin elkartasunaren gaia lantzea. Askok ez dute ezaguzen Villabonako Elkartasun Sarea, eta ez dakite ume asko egoera ekonomiko zailean bizi direkin ere. Lanketa egin nahi genuen gaiaren inguruan".

2023ko azokak oso emaitza onak eman zituela azpimarratu zuten Irrika taldeko kideek: "DBHko gazteak postuetan jar daitezke eta gazteagoek trukea egin dezakete. Parte hartze ederra izan genuen 2023ko hartan. Aurten, formakuntza saiotxo bat eduki dugu Elkartasun Sarea zer den azalduz eta azoka bera aurkeztuz eta parte-hartze handia espero dugu". 

Elkartasun Sarearen izenean, Julen Zelarainek hartu zuen hitza. "Larunbateko azokak garrantzia berezia du. Alde batetik, oraindik Villabonan jende asko dagoelako behar handiarekin aurkitzen dena. Bizirauteko behar-beharrezkoak diren elikagaiez betetako loteak banatzen ditu aspaldion sareak. Iaz, 1.400 lote baino gehiago partitu zituen eta horrek adierazten digu beharra zenbatekoa den. Larunbateko azokaren bidez, umeen urte osoko gosarirako premia osatu nahi izaten dugu. Bestetik, oso garrantzitsua da  Elkartasun Sareak beharra dutenen artean loteak banatu baldin baditzake, elkartasuna erakutsi eta musu-truk ekarpena egiten duen jende asko dagoelako da. Garrantzia handia du horrek guretzat, esan nahi baitu jende solidarioa badela gure herrian". 

Larunbateko galleta eta esne bilketarekin, urte osoan premia duen ume bati gosaritarako beharrezkoa bermatu nahi diote. Ekarpena egin eta truke azokan parte hartuko duten gaztetxoek jostailu, liburu edo materialen bat jasoko dute bueltan. 

Elkartasun Sareko kideek nabarmendu dute jostailu horiek Amasa-Villabonako bi sareetan dabiltzan ikasleek jasotakoak direla. «Janari bilketa edo jostailu bilketa egiteko deia egin dugunean, erantzun paregabea jaso izan dugu. Zoritxarrez etorkizunean egongo da oraindik premia izango duen jendea, baina herritarren jarrera honek ziurtatzen digu beti egongo direla egoera honi erantzungo dioten pertsonak». 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!