496 litro esne eta 173 kilo galleta bildu dituzte Elkartasun Azokan

Aiurri 2026ko otsailaren 28a

Gaur goizean egin dute Elkartasun Azokaren bigarren edizioa Villabonako Berdura plazan. Herritarrek esnea eta galletak eman dituzte jostailu, liburu eta bestelako materialen truke; guztira 496 litro esne eta 173 kilo galleta jaso dituzte antolatzaileek. Bildutakoarekin, aurreikusi dute uda arteko gosaritarako premia estalita geratuko dela Villabonan.

10:00etan zabaldu dituzte postuak Elkartasun Sareak eta Irrika Aisialdi Taldeak, eta ordutik etengabea izan da herritarren joan-etorria. Gaztetxo zein heldu hurbildu dira esne-brikak eta galleta paketeak eskuetan, truke azokan parte hartzera.

Ekimenaren bidez urte amaierako jostailu bilketan jasotako eta soberan geratutako jostailuak trukean jartzen dituzte, eta horrela elikagai bilketa sustatzen dute. Elkartasun Sareak urte osoan banatzen dizkie oinarrizko elikagai-loteak premia egoeran dauden herritarrei; iaz 1.400 lote baino gehiago banatu zituen.

Goiza aurrera joan ahala, pilatzen joan dira jasotako elikagaiak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, guztira 496 litro esne eta 173 kilo galleta bildu dituzte, eta aurreko edizioko kopuruak gainditu dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!