Haurra galdu duten aiten doluaren inguruan ari da 'Aitatxo' dokumentala. Martxoaren 14an eskaini zuten Villabonako Gurea aretoan eta, solasaldia egin zuten jarraian. Laia alabaren heriotzaren inguruko bizipenak eta sentimenduak azaldu zituen Igor Alejo billabonatarrak, Anakotz Lasarte zuzendariarekin batera.
2011ko maiatzean jaio zen Laia, zuen lehen alaba. 2021ean, 10 urte zituela hil zen. Nola bizitu zenuten prozesu hura?
Igor Alejo: 2020ko udaran konturatu ginen zerbait ez zegoela ondo, pandemia betean. Mendira joaten ginenean buruko mina zuela esaten zigun. Urte hartan jaunartzea egitekoa zuen eta, osasun neurrien eraginez, irailera atzeratu behar izan zen. Une hartan, egoerak sortutako urduritasunaren eragina izango zuela pentsatu genuen. Iraila iritsi eta jaunartzea pasa ondoren, egoera okerrera zihoala nabaritu genuen. Goizetan buruko min handia izaten zuen eta botaka ere egiten zuen; arratsalderako arindu egitzen zitzaion pixka bat. Pediatraren kontsultan izanak ginen lehendik ere eta hirugarren aldiz joan ginenean, Donostiara bidali gintuzten, eskaner bat egitera. Berehala esan ziguten tumorea zuela buruan eta oso oldarkorra zela. Ebakuntza egin zioten tumorea kentzeko eta tratamendu ezberdinekin hasi zen. Bagenekien diagnostikoa oso txarra zela, baina esperantzarik ez genuen galdu.
Tratamendu guztiez gain, gure aldetik ahal genuen guztia egin nahian, elikadura goitik behera aldatu genuen. Itziar Gonzalez de Arriba nutrizionistarekin egin genuen bidea. Azukrerik ez, irinik ez, haragi gorririk ez...
Radioa eta kimioa hartu zituen Laiak eta, mediku froga asko egin ondoren, esan ziguten Laiaren gorputzak sortutako mutazio batek eratorri ziola tumorea. Bere kasuan, ez radioa eta ez kimioa ez ziren eraginkorrak eta tratamentu berria jarri zioten ekainean, baina beranduegi izan zen. Laia itzaltzen joan zen. Uztaila amaieran ospitaleratu genuen eta abuztuaren 11n hil zen.
Nola gogoratzen dituzu une horiek?
Abuztu hasieran esan ziguten ez zegoela gehiago egiterik; sedatu egingo zutela eta lasai-lasai hiltzen lagunduko ziotela. Ordu batzuetako kontua izango zela esan ziguten baina Laiaren gorputza oso indartsu zegoen eta zazpi egun egin zituen horrela. Aloña emaztea eta biok ospitaleko gelan egon ginen Laiarekin, zazpi egun eta zazpi gau haietan. Ospitaleko gelan egin genuen gure terapia. Laiaren bi anaiei ere, Luarri eta Izeiri, arreba agurtzeko aukera eman genien eta bostok elkarrekin egon ginen. Laia hil ondoren; tanatorioan eta hilerrian, Luar eta Izei presente egon ziren. Umeek oso ondo ulertu zuten gertatutakoa. Gu ere lasai geunden, ahal izan genuen guztia egin genuelako eta ospitaleko azken aste hartan prozesua eginda genuelako.
Tanatorioko eta hilerriko egunak amaituta, normaltasunera itzultzeko garaia iritsi zen. Lagun batzuekin egun batzuk pasatzera joan ginen eta itzuleran, umeak ikastolan hasi ziren eta Aloña lanean. Nik hilabete gehiago pasa nituen lanik egin gabe, bi umeak zer moduz moldatzen ziren ikusi arte. Haiek ondo zeudela ikusita, ni ere lanean hasi nintzen.
Nolakoa izan zen normaltasunaren gurpilerako itzulera hori?
Behar nuen. Burua beste zerbaitetan jartzeko premia nuen, eta lanean hasteak on egin zidan. Etxean, ordu askoz bakarrik, gogorra egiten zitzaidan eguna eta egunerokotasunaren gurpilean sartu nahi nuen.
Askotan galdetzen didate laguntza psikologikorik behar izan ote dugun eta, guure kasuan ez dugu beharrik izan. Lehen esan bezala, ospitaleko azken zazpi egun haietan egin genuen lanketa guztia, zetorrena onartu genuen, Laia agurtu genuen eta kontzientzia oso lasai genuen, ahal izan genuen guztia egin genuelako.
Lagunekin hustu gara asko. Aloña eta biok asko hitz egitekoak gara eta lagunekin asko aritu gara Laiaz eta gertatutako guztiaz. Gure momentuak ere izan ditugu, noski. Nik, esaterako, lantokitik atera eta autoan sartzean, askotan egiten nuen negar lehen hilabetetan. Edozein abestik, egoerak... Laia gogorarazten zidaten eta negar egiten nuen. Lehen bi hilabetetan egunero joaten nintzen hilerrira. Negar saioa egin, lasaitu, eta semeengana joaten nintzen, berriz ere egunerokotasunean murgiltzera. Laiaren omenezko ekitaldietara joateak, behar dituzun negar saio horiek egiteak... horrek guztiak asko lagundu digu egunerokotasunari aurre egiteko garaian.
Lagunekin mendira joan, beste errealitate batzuetan murgildu, semeen egunerokotasuna bizi, asko hitz egin..., horrela lortu dugu aurrera egitea. Ez dugu ezer ezkutatzeko; tokatu zaigun zerbait izan da, eta aurrera egin behar dugu.
Laiaren urtebetetze eguna, heriotzaren urtemuga... nolakoak izaten dira egun horiek zuenean?
Abuztuan hil zen Laia eta data horretan oporretan izaten gara. Beti izaten dugu oroitzapen bat. Bestalde, Laia maiatzaren 13koa zen eta nire anaia ere egun berekoa da. Egun bereziak dira biak, berarekin gogoratzeko egunak, baina ez nuke esango bereziki gogorrak egiten zaizkigunik. Etxekoentzat Laia gogoan izateko eguna izaten da.
Niri, pertsonalki, Laiaren argazkiak eta bideoak ikusteak pizten dit mina. Berataz hitz egitea eta gogoan izatea ez zait hainbeste kostatzen. Alaba ikaragarri maite nuen, baina lasai hitz egin dezaket bere heriotzaz. Argazkiak ikusteak gehiago mugitzen dizkit barruak.
Inbidia puntu bat ere sentitzen dut, bere adineko gazteak ikusten ditudanean. Oso dantza-zalea zen eta Oinkarin zebilen. Aloña eta bi semeak ere dantzan dabiltza eta emanaldiren bat dutenean, beti pentsatzen dut Laia bizi balitz hor egongo litzatekela. Lehen urteetan gertatzen zitzaidan hori bereziki.
Bizipen gogorrak egokitu zaizkizue...
Niretzat unerik gogorrenetakoa Laia hil eta hilabete gutxira etorri zen. Covid garaia zen eta kutsatu egin nintzen. Protokoloak eskatzen zuen bezala, gelan sartu nintzen. Lehen egunak ez ziren hain gogorrak izan, bakar-bakarrik nire gelan sartuta. Ondoren, ordea, Aloñak eta bi semeek ere positibo eman zuten eta lauok etxeratu ginen. Bideoak ikusi, Laiaren arropa atera... gauza horiek egiteko aprobetxatu genuen eta ni erori egin nintzen. Ezin nuen gehiago. Goiz batean etxetik atera, eta mendira joan nintzen, lehertu beharrean. Horixe izan zen nire unerik txarrena.
Laiaren heriotzatik oso jarraian, gainera, heriotza gehiago ere izan genituen gertu. Lagun baten ama, Laiak 'amona Begoña' deitzen ziona, Laia hil eta hilabetera hil zen. Aloñaren izeba ere handik gutxira zendu zen istripuz eta oso egun gutxiren aldearekin Getariko lagun bat, oso gertukoa, minbiziz hil zen. Zurrunbilo handi batean murgilduta egon ginen bolada hartan.
Beste bizipen gogor bat Laiaren ohea kentzean etorri zen. Hiru seme-alabek logela berean egiten zuten lo eta, denbora luzez, han egon zen Laiaren ohe hutsa. Bi mutilak koskortzen ari ziren, eta gela aldatzeko premia sentitu genuen. Lan horietan pasa genuen eguna; armairuak mugitu, ohea kendu, ikas-mahaiak jarri... eguna hainbestean pasa genuen baina iluntzean, Luar larritu egin zen. Arrebaren ohea kenduta, ahaztu egingo genuela iruditzen zitzaion. Iluntze gogorra izan zen. Gaia landu genuen, negar egin, eta hurrengo egunean, Laiaren argazkia eta bere gauzak jarri genituen gelako apal batean. Laiak bere tokia bazuela ikusteak lasaitasuna ekarri zuen etxera eta egunerokotasunera itzuli ginen.
Momentuko negar-saio horiek sendagarriak izaten dira. Guretzat oso garrantzitsua izan da une horiek onartzea eta negar egitea; minari bere tokia emanda lortu dugu aurrera egitea.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 689 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.