"Lo egiten duten lekuetatik bidaltzea ez da irtenbidea"

Leire Uranga 2026ko martxoaren 21a

Arantxa Lopez, Julen Zelarain eta Sara Puga, Elkartasun Sareko kideak.

Arantxa Lopez eta Julen Zelarain Villabonako Elkartasun Sareko kide dira. Pandemian sortu zen Elkartasun Sarea, premia egoeran dauden herritarrei laguntzeko eta harrezkero, elkartasun sarea ehundu dute herrian

Zein testuingurutan eta zein beharri erantzuteko sortu zen Villabonako Elkartasun Sarea?

Arantxa Lopez: Elkartasun Sarea COVID-19aren garaian sortu zen. Gizarte zerbitzuek jakinarazi ziguten herrian bizi ziren zenbait pertsona –kanpotik etorritakoak, batez ere– ezin zirela lanera joan edo herritik atera, eta premia egoera sortu zela. Horren aurrean, Oiartzungo Elikagai Bankuarekin harremanetan jarri ginen; hasieran ez genuen hitzarmenik, baina Zizurkilgoen bermearekin hasi ginen handik elikagaiak jasotzen, hamabostean behin.

Ondoren, talde moduan antolatu eta Elkartasun Sarea sortu genuen. Beste urrats batzuk ere eman genituen: Villabonako Eroskirekin adostu genuen soberan zituzten edo iraungitzear zeuden produktuak gordetzea, eta horiek ere jasotzen hasi ginen. Udalak, bere aldetik, udaletxearen atzean dagoen lokal bat utzi zigun elikagaiak jasotzeko eta banatzeko, eta produktuaren trazabilitatea bermatzeko kamera bat jarri zuen.

Ordutik hona, jarduera handitzen joan da. Hasieran hamabostean behin banatzen genituen elikagaiak; gaur egun, ordea, egunero jasotzen eta banatzen ditugu. Eguerdiko 13:00ean irekitzen da elikagai bankua, eta orduan egiten da eguneroko banaketa.

Zein da gaur egun Elkartasun Sarearen jarduera nagusia?

Julen Zelarain: Gaur egun, Elkartasun Sarearen lan nagusia janaria eta arropa banatzea da. Horrez gain, bestelako beharrei ere erantzuten saiatzen gara: adibidez, ikasturte hasieran, irailean, larrialdi egoeran dauden familietako haurrei eskola-materiala ematen diegu, eta jasotzen ditugun altzariak ere behar duten familiei banatzen dizkiegu.

Janariari dagokionez, bi iturri nagusi ditugu. Batetik, Oiartzungo Elikagai Bankuak ematen dizkigun produktuak jasotzen ditugu –Udalak harekin sinatutako hitzarmenaren bidez–, eta, bestetik, herrian bertan biltzen den janaria.

Herrian jasotzen den janari horren zati bat egunero biltzen dugu: soberakinak edo iraungitzear dauden elikagaiak jasotzen ditugu, eta egun berean banatzen dira.

Bestalde, hilean behin egiten den banaketa ere badago, eta horretarako janaria herrian antolatzen diren bilketa kanpainei esker biltzen da. Adibidez, duela gutxi esnea eta galletak bildu genituen Irrika Aisialdi Taldearen laguntzarekin.

Iaz, guztira, 1.470 janari-lote banatu genituen. Lote bakoitza pertsona baten oinarrizko elikadura beharrak asetzeko prestatzen da, eta tamaina handiko paketeak izaten dira. 

Arroparekin ere antzera egiten dugu: herritarrek emandako arropa jasotzen dugu astearte eta ostegunetan, eta behar dutenen artean banatzen dugu. Iaz 276 arropa-lote banatu genituen, eta lote bakoitza bost jantzik osatua dago.

A.L.: Herriko jendea oso inplikatuta dago dohaintzak egiten. Baserrietatik ere janari asko ekarri izan digute –sagarrak, kalabazinak eta bestelako produktuak–, eta askotan herritarrek janari-poltsak ekartzen dizkigute Elkartasun Sarearen lokalera, beharra dutenen artean banatzeko.

Elikagaiez gain, beste material batzuk ere biltzen dituzue: jostailuak, eskola-materiala, altzariak… Nola antolatzen duzue bilketa hori?

J.Z.: Jostailu bilketaren ideia Gabonen bueltan sortu zen. Janari bilketa bat antolatzen ari ginela, ohartu ginen bazirela larrialdi egoeran zeuden haur batzuk Olentzeroren oparirik gabe geratzeko arriskuan. Etxe askotan erabiltzen ez diren jostailu asko egoten dira, eta ekimenak arrakasta handia izan zuen.

Hurrengo urtean Villabonako gaztetxeak antolatu zuen jostailu bilketa, eta jostailu asko bildu zuten. Horri esker, Irrika Aisialdi Taldearekin batera Elkartasun Azokaren lehen edizioa antolatzeko aukera izan genuen, soberan geratutako jostailuekin.

Hirugarren urtean, berriz, herriko bi ikastetxeek egin zuten jostailu-bilketa eta guri eman zizkiguten jasotako jostailuak. Berriro ere soberakin handia geratu zen, eta horrekin antolatu genuen otsailean ospatutako Elkartasun Azoka: jostailuak esnearen eta galletaren truke.

A.L.: Eskola-materialari dagokionez, eskolan hasteko garaian, irailean, gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak diren haurrei ikasturtea hasteko behar duten materiala ematen zaie: motxilak, koadernoak, boligrafoak eta bestelakoak.

Bestalde, etxebizitza bat alokatzerakoan, askotan etxeak hutsik egoten dira. Horrelakoetan, herritarrek emandako materialarekin laguntzen diegu: altzariak, alfonbrak, platerak, edalontziak eta etxea martxan jartzeko beharrezkoak izan daitezkeen beste hainbat gauza.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 689 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!