Saioa Amasa-Villabonan izango da, iluntzeko 19:00tan hasita.
Hitzokin iragarri dute ikuskizuna: “Ugaritu egin dira zenbait bertsolari eta idazlek gidatutako bertso-saio literarioak; Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan ardaztutakoa edo Miren Amurizaren Pleibaken ingurukoa, kasu. Saio honetan poema hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira. Ane Labakaren Hezur berriak poema liburua haurdunaldian eta erdiondoko lehen hilabeteetan idatzitako testu txatalekin dago osatuta, eta amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez dihardu”.
“Hezur berriak”, Susa argitaletxearen eskutik
Haietako bat da Lanbroa
LANBROA
Ideiak deritzon talde bat daukat
neure buruarekin.
Ipuin posibleen hasiera posibleak pilan
balizko nobeletarako hari lokabeak
dirulaguntza deialdi iraungiak
lehiaketa biren oinarriak
inoiz neuretu nahi nituzkeen esamoldeak
inoren liburu gomendioak
inori ostutako aipuak.
Beldurra diot
produktibo ez izateari
ez-produktibo izateari
panikoa.
Nola gal lezake
denbora
faltan duenak?
Zirriborro lanbro bat daukat
burmuinean
egin nahi nituzkeen guztiak loopean
gosaritako ontziak oraindik harraskan
eta izarak eta komuna eta ilea garbitzeke.