Astelehenean abiatuko da Amasa-Villabonako Kirol Hamabostaldia

Aiurri 2026ko apirilaren 11

Astelehenean hasiko da Amasa-Villabonako Kirol Hamabostaldiaren edizio berria, eta apirilaren 26ra arte luzatuko da. Udalak ostegunean aurkeztu zuen egitasmoa prentsaurrekoan; herriko kirol elkarteekin elkarlanean osatutako egitarau zabala prestatu dute, adin guztietako herritarrei zuzendua.

Honakoa da Amasa-Villabonako Udalaren komunikatua:

"Amasa-Villabonako Udalak Kirol Hamabostaldiaren edizio berria aurkeztu du. Apirilaren 13tik 26ra bitartean egingo da, eta egitaraua anitza eta herritar guztiei zuzendua izango da.

Bizi-ohitura osasuntsuak, kirola eta herritarren parte-hartzea sustatzeko duen konpromisoari eutsiz, kirol hamabostaldia antolatu du Udalak herriko kirol elkarteekin elkarlanean. Horrela, apirilaren 13tik 26ra, kirol aukera anitzaz gozatzeko aukera izango da Amasa-Villabonan. Kirola ez da soilik jarduera fisikoa edo lehiaketa; lankidetza sustatzeko, esperientziak partekatzeko eta balioak transmititzeko tresna ere bada, azpimarratu du Beatriz Unzue alkateak. Halaber, adierazi du kirola udalerriko txoko guztietara eta adin guztietako pertsonei hurbiltzea dela kirol hamabostaldi honen helburu nagusia.

Bestalde, Eñaut Zelarain Kirol zinegotziak herritar guztiengana iristeko diseinatutako programazioaren xehetasun nagusiak azaldu ditu. Egitarau osoa datozen egunetan banatuko da herriko etxe guztietara, esku-orri informatibo baten bidez. Hala ere, aurreratu du jarduerak Amasa-Villabonako hainbat gunetan egingo direla: Erreboteko, Berdura, Arroa eta Maiatzaren Lehena plazetan, eta baita udal kirol-instalazioetan ere, hala nola Behar Zana eta Olaederra pilotalekuetan, Arratzain futbol-zelaian eta Olaederra kiroldegian.

Programazioaren barruan adin guztietarako aproposak diren jarduerak daude, bizitzaren etapa guztietan kirola egitea sustatuz. Kirola herritar guztiei hurbiltzea da helburua, parte-hartzea erraztuz, egoera fisikoa, adina edo bizilekua kontuan hartu gabe. Gainera, profesionalek eskainitako hitzaldiak eta prestakuntza-tailerrak ere izango dira, ikasteko eta hausnartzeko espazioak sortuz. Herritar guztien parte-hartzea bermatzeko helburuarekin, jarduera guztiak doakoak dira, azpimarratu du Zelarainek.

Hamabostaldian zehar errebotea, esku pilota, pala, futbola, martxak, krosa, boloak, triatloia, txirrindu-ginkana, halterofilia, xakea eta boleibola bezalako diziplinez gozatzeko aukera egongo da. Era berean, Olaederra kiroldegiak pilates, cycling, zumba eta bike birtual bezalako doako saioak ere eskainiko ditu.

Berrikuntza gisa, apirilaren 18an Realak jokatuko duen Kopako finalaren zuzeneko emanaldia izango da Malkar plazako pantailan. Amasa-Villabonako herrigunea realzaleen topagune bilakatuko da.

Gainera, unerik berezienetako bat apirilaren 24an izango da, Gurea Antzokian. Bertan, Amasa-Villabonako kirolariak eta kirol-klubak omentzeko ekitaldia egingo da. Ekitaldian Oinkari Dantza Taldeak ere parte hartuko du.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie herriko kirol klubei, Olaederra kiroldegiko langileei eta Aitziber Murua udal kirol teknikariari egindako lanagatik, eta herritar guztiak parte hartzera eta antolatutako jarduerez gozatzera animatu nahi ditu."

Egitarau osoa, hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!