Eresargi Abesbatza 1985eko Gabonetan sortu zen, herritarrei kanturako deialdi irekia eginda. Hasierako taldean gazte batzuk elkartu ziren, eta haiek eman zioten jarraipena egitasmoari. Lehen urteetako baldintzak xumeak izan ziren: entseguetarako toki egokirik gabe aritu ziren, eta oinarrizko baliabideekin egin zuten aurrera, ikasteko gogoa oinarri hartuta.
Abesbatzaren ibilbidea bi garaitan bana daiteke. Lehenengo urteetan, abeslari aldaketa handiak izan ziren, eta horrek egonkortasuna zaildu zuen. Hala ere, teknika lantzea eta erronka berriei heltzea izan ziren ardatz nagusiak; tartean, Errenteriako Gabon Lehiaketan parte hartzea. Denborarekin, taldea sendotu egin da, eta azken hamarkadetan egonkortasuna eta konpromisoa nagusitu dira. Horri esker, errepertorio zorrotzagoa lantzeko eta beste abesbatzekin harremanak estutzeko aukera izan dute.
Testuinguru zabalagoan, Eresargiren sorrera Euskal Herriko mugimendu koralaren indartzearekin bat etorri zen. Garai hartan federazioak sortu ziren, eta horien bidez prestakuntza jasotzeko aukera izan zuten. Gaur egun, ordea, bestelako errealitate bati egin behar diote aurre, gizartearen eta kultur ohituren aldaketak nabarmenak direlako. Hala ere, Eresargik bere lekua mantendu du urte hauetan guztietan, eta gaur egun ere talde izaera sendoari eusten dio: kantuan gozatzea eta entzuleei gozaraztea dira bere helburu nagusiak.
Berrogei urteko ibilbidea ez da nolanahikoa. Zer sentipen dabiltza urteurren honen atarian, eta nola ari zarete ospakizuna prestatzen?
Maite Ugarte: Ilusioz bizi dugu unea. Hala ere, ez zait iruditzen hainbeste urte igaro direnik; hemen gaude oraindik, eta aurrera egiteko moduan. Ez dut sentitzen etapa baten amaieraren aurrean gaudenik.
Sofia Quilez: Aspalditik dator ideia. Denbora dezente daramagu hausnartzen zer egin 40. urteurrenean, eta hasieratik argi genuen zerbait berezia izan behar zuela. Azken batean, ospatzeko moduko muga da.
Hortik sortu zen dokumentalaren proiekzioa eta kontzertu berezia uztartzeko proposamena; gaur egungo kideak zein izan direnak elkartuko ditugu.
Abesbatza herrikoia eta oso langilea da; ahal duguna egiten dugu. Zorte handia izan dugu Migel Zeberiorekin, izugarri laguntzen ari zaigu. Dokumentalaren kasuan ere, herriko ekoiztetxe batekin aritu gara lanean, eta urtebete inguru daramagu prestaketetan.
Urduri ere bagaude: aste asko daramatzagu lanean, alde batetik egitaraua osatzen, eta bestetik, abeslari ohiekin harremanetan jartzen eta gonbidapenak egiten. Proiektu polita dela uste dugu, eta dena ondo ateratzea nahiko genuke.
M.U.: 70 abeslari ohirengana iritsi gara, eta gaur egun 22 gara taldean. Oso harrera ona izan dute gonbidapenek, eta gehienak etorriko dira. Kontzertuaren ondoren afaria eta DJa ere antolatu ditugu; giro ona izango dela dirudi. Gehienak kontzertura etorriko dira, eta 55 lagun inguru elkartuko gara afaltzeko.
Atzera begiratuta, zein izan dira Eresargiren historian mugarri, une edo pasarterik esanguratsuenak?
Juan Mari Iparragirre: 1985ean sortu ginen, eta 1988an lehen aldiz parte hartu genuen Errenteriako Gabon Lehiaketan. Urte askotako ibilbidea duen lehiaketa da, eta guretzat hasieratik izan zen helburu nagusietako bat. Sortu eta hiru urtera lortu genuen bertan aritzea, eta laugarren postua eskuratu genuen.
Errenterian parte hartzea erreferente bihurtu zen guretzat urte askotan; bi hamarkadaz aritu ginen bertara joaten, eta urteko lana neurri handi batean lehiaketa horretarako prestatzen genuen. Erronka nagusietako bat izan da luzaroan.
S.Q.: Nire ustez, beste mugarri garrantzitsu bat izan zen herritik ateratzeko eta beste esparru batzuetara zabaltzeko pausoa, bereziki musika modernoari heltzea.
Horren harira, oso esanguratsua izan zen Villabonako plaza lehen aldiz bete genuen eguna, herriko festetan Mikel Urdangarinekin batera eskaini genuen emanaldian. Badakigu neurri handi batean berak erakarri zuela jendea, baina guretzat oso une garrantzitsua izan zen.
Egun hartan argi ikusi genuen bi munduak uztartu zitezkeela: musika korala eta musika modernoagoa. Esperientzia horrek beste ikuspegi bat eman dio abesbatzari, eta baita publikoari ere. Azken batean, erakutsi digu abesbatza musika modu askotara landu eta eska daitekeela.
Nola aldatu da abesbatza urte hauetan guztietan, eta nola eraldatu da harekin batera inguruko errealitate kulturala?
M.U.: Gizartea izugarri aldatu da. Adibidez, gu hasi ginenean, ezkontza asko egiten ziren elizetan, eta horiek girotzeko jendeak gurekin kontatzen zuen; hori, ordea, ia erabat desagertu da. Gaur egun bestelako moduan antolatzen dira ospakizunak, eta abesbatza dinamika horretatik kanpo geratu da.
Bestetik, gure entzulegoa nahiko egonkorra izan da: oso fidela da, baina gehienbat adineko jendea da.
S.Q.: Egia da salbuespenak ere badaudela. Adibidez, iaz Imanol Larzabalen kantuekin osatutako emanaldia eskaini genuenean, aretoa bete egin zen, eta jende gazte asko ere bertaratu zen.
Oro har, abesbatza musika minoritarioa dela esan daiteke, eta baditu bere inguruan hainbat klixe; hala ere, bestelako osagaiak gehitzen dizkiogunean, beste publiko batengana iristeko aukera zabaldu egiten da. Euskal Herrian badira gazte abes-talde oso onak, eta horiek erakartzen dute jendea.
Hala eta guztiz ere, abesbatza musikak beherakada nabarmena izan du, eta talde asko desagertzen ari dira. Guk, ordea, badugu gazte taldea; une honetan kide gutxi dira, baina oso maila ona dute, eta festetan kantatzen dutenean jendearen harrera ona izaten dute.
Nolakoa izango da ospakizun eguneko egitaraua?
S.Q.: Ospakizun nagusia apirilaren 25ean izango da, larunbatez, Villabonako Gurea Antzokian, 19:00etan. Saioa Juan Kruz Igerabidek gidatuko du; bere laguntza eskertzekoa da.
Emanaldiaren ondoren afaria egingo dugu, eta ospakizunari amaiera emateko, DJa izango da.
Dokumentalari dagokionez, zer une, ahots edo pasarte bildu nahi izan dituzue ikus-entzunezkoan?
JM.I.: Dokumentalak gure ibilbidearen hainbat pasarte jasotzen ditu: entseguak nolakoak diren, kantatzen ditugun abestiak, abesbatzaren argazkiak, eta kide batzuen testigantzak ere bai. Azken batean, kantatzeak guretzat zer esan nahi duen erakustea da helburua.
M.U.: Nik bi irudi azpimarratuko nituzke bereziki. Alde batetik, mendian agertzen gara, zuriz jantzita, abesten; eta bestetik, elizan, beltzez jantzita. Niretzat badu esanahi berezia horrek. Ez dakit ekoiztetxearen asmoa zein izan den, baina nire interpretazioan musikak naturarekin duen lotura ageri da lehen irudian: alaitasuna, poza eta maitasuna.
Elizako eszenan, berriz, espiritualtasuna nabarmentzen da; sentimenduak pizteko gaitasuna, eta horrek dakarren lasaitasuna eta bakea. Niretzat, nolabait, hori da dokumentalak transmititzen duena.
Nolako irizpideak izan dituzue kontzerturako errepertorioa hautatzerakoan?
S.Q.: Ibilbide osoan zehar kantatu ditugun obra esanguratsuenak biltzen saiatu gara, iraganekoak zein gaur egungoak uztartuta. Nolabait, ibilbide osoaren isla izango den hautaketa egin nahi izan dugu. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestuko dugu.
Kontzertua Et Incarnatus Orkestraren laguntzarekin eskainiko dugu, eta zuzendaritza Migel Zeberioren esku egongo da.
Eresargi ez da abesbatza hutsa, herriko kultur sarearen parte ere bada. Nola bizi duzue lotura hori?
S.Q.: Erabat txertatuta gaude herrian, eta nire ustez, neurri batean erreferente ere bagara. Villabonan helduentzako oso talde gutxi daude, eta horrek are agerikoago egiten du gure presentzia. Halako talde batek edozein helduri eskaintzen dio bertaratzeko eta parte hartzeko aukera.
Gure kasuan, nolabait, terapia moduko bat ere bada: elkartu, kantatu eta ondo pasatzea. Lagun talde bat gara, eta horrelako egitasmo bat herrian hainbeste urtez mantendu ahal izatea benetako altxorra da.
Uste dut herritarrek ere hala ikusten gaituztela. Hala ere, gustatuko litzaiguke aukera gehiago izatea herriko ekimenetan parte hartzeko; gu, behintzat, beti prest gaude.
Nolakoa da gaur egun belaunaldi berriak abesbatzara erakartzeko lana?
S.Q.: Gero eta gazte gutxiago dago, eta hori agerikoa da. Gazteek eskaintza handia dute inguruan, batez ere kirolaren arloan, eta ez da erraza abesbatzara erakartzea. Gaur egun hamar gazte inguru ditugu Eresargin.
Azkenaldian lanketa berezi bat egin dugu: Go!azeneko bi aktorerekin proiektu bat jarri dugu martxan, eta uste dugu amu izan dela gazte batzuk erakartzeko. Baliteke horren bidez taldea handitzea. Oso pozik gaude emaitzarekin, eta maiatzean izango da ekitaldia.
Gure erronka eta, neurri batean, ardura ere bada gazteei heltzea eta haiek guregana gerturatzea.
JM.I.: Duela 42 urte inguru ikastolako ikasleekin aritu nintzen lanean, zuzendari gisa: eskolaz kanpo klaseak ematen nituen, ordubetez. Oso ondo erantzuten zuten, eta gustura aritzen ziren.
Garai hartan, agian, ikastetxeetatik erraztasun handiagoak zeuden gazteak abesbatzara gerturatzeko.
S.Q.: Hori da; horregatik, oso garrantzitsua da herriko eskolak ere inplikatzea, laguntza ematea eta egitasmo hauei bultzada ematea.
Etorkizunari begira, nola ikusten duzue Eresargiren bidea?
JM.I.: Osasuna nahi dut batez ere, eta honetan jarraitzeko aukera. Niri abesbatzak bizitza eman dit. Zer egingo nuke bestela? Etxean geratu eta telebista ikusi? Hemen oso gustura egon naiz, eta oraindik ere hala nabil: abesti bakoitza gogoz eta arretaz lantzen.
S.Q.: Helburua talde gisa jarraitzea da, eta jende berria erakartzea. Horrez gain, elkartrukeak ere baditugu aurrera begira, eta bide horretan sakontzen jarraitu nahi dugu.
Nolako harrera izan du egitasmoak, eta zer gonbidapen egingo zeniokete herritarrei?
M.U.: Harrera oso ona izan du. Gonbidapenak banatu ditugu, eta jendeak gogoz hartu ditu.
S.Q.: Uste dugu egunean bertan ere sarreraren bat edo beste egongo dela leihatilan, eta jendea animatu nahi genuke bertaratzera. Errepertorio polita prestatu dugu.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 690 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.