Natur-inguruaren egoera, mintzagai

Aiurri 2026ko apirilaren 30a

Gureako erakusketa aretoan eskaini zuten solasaldia, Amasamendi Bizirik! elkarteak antolatuta.

Joan zen martxoaren 26an solasaldia antolatu zuen Amasamendi Bizirik! elkarteak. Aitziber Sarobe biologoa; Xabier Rubio biologoa; Edurne Huesa ingurumen hezkuntzako aholkulari erretiratua; eta Amasamendi Bizirik Elkarteko Bixente Iguaran naturzalea izan ziren hizlari

Amasamendi Astea ospatu zuten martxoko azken egunetan eta, egitarauaren baitan, solasaldia antolatu zuten. Gipuzkoako naturguneen egoera aztertzea izan zen hitzaldiaren xede eta gaiak erakarrita, dozenaka herritar elkartu zen Amasa-Villabonako Gurea aretoan.

Zarauzko biotopoa eta Pagoeta

Arkamurka Natura Elkarteko kide da Aitziber Sarobe biologo zarauztarra. Gipuzkoako kostaldea hartu zuen hizpide: "Natur kontserbazioari dagokionez, atzera jota, zorionekoak garela esango nuke, gaur baino sentsibilitate gutxiago zegoen momentuan hartutako erabakiengatik. 1980 hamarkadan Zarauzko biotopoa eta Pagoetako parkearen sorrerarako pausoak eman ziren. Aurrerago legeztatu ziren, baina garai hartan eman ziren babes figura horiek sortzeko pausoak. Babestu osteko prozesuak, ordea, ekarri digu tristura, kudeaketa ez delako izan natur kontzerbazioari begirakoa". Zarauzko biotopoaren inguruko azalpenak eman zituen Sarobek: "Zarautzek bazuen estuario osoa babesteko asmoa eta Arkamurkak lan handia egin zuen horren alde. Duela 10 urte arte posible zen hori, baina garai hartan urbanizatu egin zen eremu handi bat. Oraindik badaude inguru hartan gune interesgarriak, baina errekak ematen zion izaera galdu du". 

Pagoetako parkeari dagokionez, "antzeko zerbait gertatzen zaigu. Oso-osorik Foru Aldundiarena da eta, ezer egin gabe, pake-pakean utzita, bertakoa berezkoa den harizti mistoa etorriko litzateke. Baina presioa dago, erabilera publikotik alde batetik, eta baita horrelako eremua kudeatzeko dagoen presioagatik ere. Egurgintza sektoreak presioa eragiten du eta pistetan txikizioak egitea ekartzen du, besteak beste". Gipuzkoan jende asko bizi garela eta presio handia eragiten dugula azaldu zuen Sarobek, "horregatik beste begirada batekin kudeatu beharko litzateke". Energia berriztagarrien inguruan ere aritu zen: "Pagoeta, Izarraitz eta Ernio-Gazume ingurune babestuen artean planteatu dute parke eoliko bat. Gure lana izan da azpimarratzea korridore ekologikoak sortzea behar beharrezkoa dela. Bestela ez dugu zereginik. Zorionez atzera bota da proiektu eolikoa eta oso pozik gaude, izan ere, oso eremu aberatsa da. Arnas pixka bat eman digu".

Gune babestuen garrantzia

Haritzalde Naturzaleen Elkartetik gerturatu zen Xabier Rubio biologoa. "Kristina Enea parkea babesteko gogoak bultzatu zuen gure taldearen sorrera. Igeldoko igeltxoaren aldeko borroka izan zen gure proiektu handiena. Erkidego mailan, mehatxatuta zegoen espezie baten lehen kudeaketa plana lantzea lortu genuen. Bide zaila izan zen, oso borrokatua". Donostiaren gerriko berde-urdina eraikitzearen aldeko lanean ere aritu dira Haritzalde taldeko kideak: "Babesa lortu nahi bada, balio erantsia eta babes maila ofiziala eman behar zaiola pentsatzen dugu".

Aiako Harriako gune babestuaren mugak zabaltzeko lanean ere ari dira. "Izan ere, edozein proiektu gera dezaketen gauza bakarrak gune babestuak eta parke naturalak dira", azaldu zuen Xabier Rubiok. 

Goierri

Edurne Huesa Landarlan Ingurumen Elkarteko kidea da eta Aralar inguruko aferen inguruan aritu zen. "Goierrin sortu genuen taldea, duela 30 urte. Udaletxetan eragiten saiatu gara geroztik eta gure balantzea gazi-gozoa da. Goierriko natur ingurunea ezagutarazten saiatu gara eta zenbait proiekturen inguruan aritu gara lanean. Murumendiren babesa eskatu dugu aspalditik eta oraindik ez dugu lortu". Itsasondoko Udalaren eredua ere aipatu zuen Edurne Huesak: "Eredugarria da, basoetan egiten ari diren lanagatik. Izan ere, lurrak erosten ari dira bertako basoak berreskuratzeko".

Alegiako Intxurre mendian proiektatutako parke fotovoltaikoaren inguruan ere aritu zen: "Badirudi geratu dela. Horrelakoetan oso garrantzitsua da herritarrak mugitzea, izan ere, erakundeek diote natur kontserbazioaren alde daudela, baina gauza gutxi egiten dute".

Amasamendi

Bixente Iguaran Amasamendi Bizirik! elkarteko kide da, baita Aizkardi mendi taldekoa ere. Ezinhobeto ezagutzen ditu Amasamendiko txokoak. "Ia mendi osoa herri-saila da. %80a baso, %20a larre-toki. Kudeaketa, Udalaren eta Foru Aldundiaren artean eramaten dute. Azpiegitura asko ditugu tartean: Leizarango autobidea, tentsio altuko lerroak, tentsio ertainekoak... lur horiek erabat baldintzatuta geratzen dira. Horiez gain, gas hodiak ere badaude lurpean". Amasamendiko ur kanalak ere aipatu zituen Iguaranek.

880 hektarea baso daude, "bere garaian pinua landatu zen gehienean. Garbitzen joan da pixkanaka; zahartutako pinua ateratzen. Eta ateratzen ari diren pinudi horietan, hostozabala landatzen ari dira; pagoa, gaztaina, haritza... Mantsoa izango da, baina luzera, guk ezagututakoa baino baso hobea ezagutuko dute gure ondorengoek". Norberaren inplikazioaren beharra azpimarratu zuen Iguaranek: "Gainean egotea egokitzen zaigu, gauzak hobetzen joango badira". 

Eolikoen proiektua

Amasamendiko proiektu eolikoaren inguruan ere aritu ziren solasaldiaren amaieran. "Oraindik ez dago gune zehatzik, baina edonola ere, txikiketa ikaragarria izango litzateke", aipatu zuen Bixente Iguaranek. Amasamendi Bizirik! taldeko Amagoia Eskuderok ere hartu zuen hitza: "Momentuz ez dugu proiekturik jaso eta guztia airean dago. Urtebetean hiru zirriborro eman dizkigute, eolikoen kokapen ezberdinak jasoz; zehaztasunik ez dugu, beraz. Hurrengo pausoa, herri galdeketaren kontua argitzea izango da". 

Bixente Iguaranek, garai batean autobideak ekarri zuen txikiketarekin alderatu zuen eolikoek ekarriko luketena: "Zazpi metroko zabalerako pistak, hainbat lursailen desjabetzea, lur mugimendu ikaragarriak... Hernaniko azpiestaziora joango litzateke argindarra, eta horrek ere txikizioa ekarriko luke".

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 690 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!