Villabonan badute jada 2026rako pilota hitzordu nagusietako bat: Santio txapelketa. Antolatzaileek jada eman dituzte gizonezkoen lehiari dagozkion 2026ko nagusi mailako eskuz binakako txapelketaren lehen xehetasunak, eta inoiz baino parte-hartze handiagoa izango dela aurreratu dute. Emakumezkoen txapelketaren inguruko informazioa berriz, datozen asteetan jakinaraziko dute.
Santio txapelketak ibilbide luzea du Villabonan: gutxienez 1980tik jokatzen da, eta urteotan hainbat pilotaleku izan ditu egoitza —Bear Zana zaharra, Amasa eta gaur egungo Bear Zana berria—. Urte hauetan zehar, pilota egutegiko hitzordu nagusietako bat bihurtu da.
2009an zendu zen Antton Pebet Behar Zanako pilotaria, eta harrezkeroztik memoriala antolatzen da haren omenez. 2023an Santio txapelketa eta Antton Pebet memoriala uztartu egin zituzten, eta ordutik formatu bateratuan antolatzen da nagusi mailako txapelketa.
Aurtengo edizioak parte-hartze datu esanguratsuak utzi ditu jada: 61 bikotek hartuko dute parte —122 pilotari—; inoizko parte-hartzerik handiena izango da.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Euskal Herri mailan parte-hartzerik handiena duen txapelketa da, eta iazkoarekin alderatuta ere gorakada izan du.
Parte-hartzaile kopuru handiak eragina izan du antolaketan ere. Hasiera batean aurreikusitako 40 bikoteren muga gainditu denez, txapelketa hilabete bat lehenago hasiko da, maiatzaren hasieran, eta lehen kanporaketak igande goizetan jokatuko dira. Lehen faseak maiatzaren 3an abiatuko dira.
Santio Txapelketako finala uztailaren 26an jokatuko da goizez, 11:30ean, eta zuzenean ikusi ahal izango da YouTuben zein ETBn. Finalerdiak, berriz, uztailaren 16an izango dira. Antolatzaileek ez dute baztertzen beste kanporaketa batzuk ere telebistaz eskaintzea.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 691 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.