Joxean Jauregi omendu dute Villabonan

Ainhoa Gil 2026ko maiatzaren 16a

Behar Zana elkarteak eta Villabonako herriak hainbat urtetan egindako lana aitortu eta eskertu diote Joxean Jauregiri. Dantza, bertsoak, hitzartze goxoak, oroigarriak eskaini dizkiote Jauregiri pilotalekuan.

Behar Zana Pilota Elkarteak, Amasa-Villabonako Udalak eta Oinkari dantza taldeak antolatuta, omenaldia egin diote Joxean Jauregi Iruretagoienari.

Txalo artean sartu da pilotalekura eguneko protagonista. Inguruan zituen senitartekoak, hegoalde zein iparraldeko hainbat pilota elkartetako kideak, lagunak eta herrikideak. 

Aitor Landa taldekideak gidatu du saioa: "25 urtez baino gehiagoz taldeko delegatua izan zinen, baina kargua baino gehiago izan zara, eguneroko lana, konpromisoa, ilusioa eta kirolarekiko maitasuna izan dira zure nortasunaren parte. Behar Zanaraen animaren parte izan zara eta Villabonako pilotaren historia ulertzeko ezinbesteko pertsona. Lan eta dedikazio handia erakutsi zenuen kluba aurrera ateratzeko, eta euskal pilota sustatzeko, batez ere errebotea eta joko garbia". Hitz horiekin zabaldu dute gaurko saioa.

Galtzear zeuden modalitateekk bizirik jarraitzeko egindako ahalegina aitortu diote Jauregiri. "Ez zenuen iraganera bakarrik begiratu, etorkizuna lantzen ere asmatu zenuen", azpimarratu dute.

Bere ibilbidean zehar hainbat omenaldi jaso izan ditu Joxean Jauregik eta gaur, bere taldeak, Behar Zanak egin nahi izan dio omen. "Baina aitortzarik handiena, seguruena, ez da omenaldi edo plaketan neurtzen, herriak dizun errespetuan edo maitasunean baizik". 

Oinkari dantza taldea ere izan da protagonista gaurko ekitaldian. Agurra, fandango eta arin-arina eta, pilotarekin lotua estua duen pieza dantzatu dituzte dantzari gazteek. 

Joxean Jauregirekin pilotan trebatutako Beñat Iguaran bertsolariak ere parte hartu nahi izan du eta bi bertso eder abestu dizkio, Joxeanekiko maitasuna eta haren lanaren aitortza umore puntuarekin azalduz. 

Villabonako Udala, Hazparneko pilotariak, Behar Zanako ordezkariak... hainbat izan dira omenaldira batu direnak. Oroigarri ezberdinak jaso ditu Joxeanek, baita aitortza hitzak ere.  Amasa-Villabonako Udalaren izenean, Beatriz Unzue alkateak eman dio oroigarria, eta Behar Zana Pilota Elkartearen partetik bi oroigarri jaso ditu: lehena, elkarteko lehendakari Aitor Setienek eman dio; bigarrena, berriz, Iñaki Lizaso klubeko ordezkariak eta Iñaki Otaegi errebote saileko arduradunak eman die.

Gillen Zaldunbide Angeluko Hardoitarrak taldeko kide eta Jauregiren lagunak hitza hartu nahi izan du, Joxeanen omenaldian. Hitz goxoak eskaini dizkio eta amaieran, hunkituta besarkatu du. «Hegoa eta iparra elkartu ditu, pilota maite baitzuen».

Taldeko argazki ezberdinak atera dituzte jarraian: senitartekoekin, pilotariekin, eta baita omenaldian parte hartu duten guztiekin ere. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!