Ostegunean egingo dute "Moda Biziz" ekimena Amasa-Villabonan

Aiurri 2026ko maiatzaren 19a

Gabonetako edizioaren arrakastaren ondoren, Moda Biziz ekimena itzuliko da Amasa-Villabonara datorren ostegunean, maiatzaren 21ean. Txistulari plazan egingo da moda desfilea, eta herriko hainbat merkatarik udaberri-udako proposamenak aurkeztuko dituzte, tokiko merkataritza balioan jartzeko helburuarekin.

PRENTSA OHARRA

MODA BIZIZ ekimenak Villabona tokiko merkataritzaren erakusleiho handi bihurtuko du berriro

Gabonetako edizioaren arrakastaren ondoren, merkatariek berriz ere protagonismo berezia izango dute. Villabona modaz jantziko da maiatzaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, MODA BIZIZ edizio berriari esker. Herriko dendek euren udaberri-udako kolekzioak aurkeztuko dituzte Txistulari plazan egingo den moda desfilean.

Oria Merkatari elkarteak antolatutako ekimen honen helburua: tokiko merkataritza balioan jartzea da; Villabonan gertuko merkataritza profesionala, dinamikoa eta nortasun propioa duena dagoela erakusten jarraitzea.

Herriko hainbat establezimenduk udaberri-udako proposamenak aurkeztuko dituzte herritar guztiei irekitako pasarela batean. Desfileak tokiko denden lana eta sormena erakutsiko ditu, eta Villabonak eskaintzen duen modaren aniztasuna gertutik ezagutzeko aukera emango du.

Ekitaldia osatzeko, DJ saioa eta dantza emanaldia egongo dira. Moda Biziz-en ez dugu pasarela bakarrik izango, ikuskizunari giroa jarriko dioten artista ezin hobeak izango ditugu: Zigor DZ, DJ, Oier Laborde, dantzaria, Oizeder Mayo, aurkezlea.

Desfilea ez da ekintza komertzial hutsa; kaleetan mugimendua sortzeko, herritarren eta merkatarien arteko harremanak sendotzeko eta merkataritza txikiak herriko bizitzan duen garrantzia aldarrikatzeko modu bat ere bada.

Gainera, Moda Biziz ekimenaren bidez, herritarrei joera eta bilduma berriak modu gertuko eta irisgarrian erakutsi nahi zaizkie, tokiko merkataritzan kalitatea, aholkularitza pertsonalizatua eta arreta zuzena aurki daitezkeela nabarmenduz.

Oria Merkatari elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bereziki parte hartzen duten establezimendu guztiei, laguntzaileei, modeloei, boluntarioei eta ekimen hau posible egiten duten pertsona eta erakundeei.

Azkenik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu desfileaz eta giroaz gozatzera eta tokiko merkataritzaren alde egiten jarraitzera; izan ere, “tokiko merkataritza mugitzen denean, herria ere bizirik dago”.

Parte hartuko duten dendak:

  • Titare
  • Amane
  • Kaori Faktoria & Amlu Studio
  • Gema Loradenda
  • Eizmendi Anaiak
  • Duna oinetako eta osagarriak
  • Eizmendi ileapaindegia
  • Peluquería Hamabost (Zizurkil)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!