"Ospakizunean Seaskatik igaro diren haurrek hartuko dute parte"

Leire Uranga 2026ko maiatzaren 23a

Benantxi Eizagirre, Edurne Zaldua, Kristina Lizarralde, Mari Karmen Amonarriz eta Nerea Artola. AIURRI

Bost hamarkadako ibilbidea ospatzen ari da Amasa-Villabonako Seaska Haurreskola. Aiurri Seaskako sortzaileekin eta hezitzaileekin bildu da.

Nola gogoratzen dituzue haurreskolaren hastapenak eta zein beharri erantzuteko sortu zen?

B.E.: Haurreskola herriko behar bati erantzuteko sortu zen. Garai hartan emakume asko lanean hasiak ziren, eta familiek haurrak nonbait uzteko beharra zuten. Tolosan bazegoen haurreskola bat, eta Villabonatik familia askok hara eramaten zituzten haurrak lanera joan ahal izateko.

Horren aurrean, auzolanean hemen haurreskola bat sortzea pentsatu genuen. Azkenean, beharrak berak bultzatu zuen proiektua.

Orduan aukera gutxi zeuden: edo pertsona bat kontratatzen zen, edo haurrak aiton-amonen esku uzten ziren. Horregatik sortu genuen Seaska, herritik eta herriarentzat.

Zer aldatu da gehien urte hauetan guztietan?

E.Z.: Hasieran haurreskola behar oso oinarrizko bati erantzuteko sortu zen; batez ere haurren behar fisikoak eta zaintza bermatzeko. Urteekin, ordea, aldaketa handia eman da, eta haurreskola hezkuntza-esparru bezala ulertzen hasi gara.

Horren ondorioz, hezkuntza-proiektu propioa garatu dugu, eta gaur egun gero eta landuagoa da: etengabeko hobekuntza eta formakuntza prozesuan gaude. Guk urte asko daramatzagu honetan, eta etengabe ikasten ari gara.

B.E.: Lehen haurreskola 0-3 urtekoa zen, baina 3 urteko haurrak eskolara pasatzen hasi zirenean haurreskola 0-2 etapara mugatu zen. Aldaketa horrekin ikusi zen hemen egiten zen lana ez zela zaintza hutsa, hezkuntzak ere pisu handia zuela.

E.Z.: Horretan izenak berak ere asko esaten du: lehen “haurtzaindegia” zen, eta gaur egun “haurreskola” da.

Hala ere, oraindik badago egiteko bidea. Gizarte mailan eta hezkuntza sisteman ez da beti aitortzen lehen hiru urteek haurraren garapenean duten garrantzia. Guk argi daukagu etapa erabakigarria dela, baina askotan ez zaio behar duen aitortza ematen.

B.E.: Aitortza hori lortzeko ere lan handia egin zen urte askotan: bilerak, mobilizazioak eta manifestazioak.

E.Z.: Villabonan hasieratik argi izan dugu herriko zerbitzu bat izan nahi genuela, publikoa eta denentzako irisgarria.

Horren alde borroka handia egin zen haurreskolen artean, eta azkenean Partzuergoan sartzea lortu genuen. Guretzat lorpen handia izan zen zerbitzu publikoa ginela aitortzea, eta horrek zerbitzua hobetzeko aukera eman zigun.

Orain ere gure nahia da hezkuntza sistemaren barruan dagokigun aitortza egitea, haurraren garapenean funtsezko etapa garelako.

Villabonako Udalak beti egin du haurreskolaren aldeko apustua, eta beti sentitu dugu haien babesa.

B.E.: Prozesu honetan guztian herriko jendeak ere lan handia egin du: zozketak, tabernak eta bestelako ekimenak antolatu dituzte. Herria oso inplikatuta egon da beti.

E.Z.: Horregatik, argi genuen 50. urteurreneko ospakizunak ere herrian eta herriarentzat izan behar zuela.

“Hazi, hezi euskaraz” leloa darabilzue urteurrenean. Zer garrantzi izan du euskarak Seaskaren ibilbidean?

E.Z.: Guretzat oso garrantzitsua da haurrei, haien familiak euskaldunak izan edo ez, jaiotzetik euskara gerturatzea eta ama-hizkuntza bezala bizitzeko aukera ematea. Helburua da euskara barneratzea eta eurena sentitzea.

Guk beti euskaratik eta euskaraz egiten dugu lan; umeekin harremana beti euskarazkoa da; berdin du zein familiatatik datozen. Finean, euskara haien hizkuntza izatea eskaintzen diegu.

Nolakoa da gaur egungo Seaska Haurreskola eta zein da zuen hezkuntza eredua?

E.Z.: Gaur egungo gure pedagogia “mugimendu askean” oinarritzen da. Pedagogia horren funtsa da haurra izatea protagonista: haurrak berak markatzen ditu bere denborak eta bere garapena, eta gu haren alboan gaude laguntzeko, espazioa eta baliabideak eskaintzeko, eta bidelagun izateko. Ez dugu irakasten zentzu tradizionalean; haurra bere kabuz ikasteko gai dela ulertzen dugu.

Nerea Artola: Horretarako espazioa egokitzen dugu eta haurrei behar dituzten erraztasunak eskaintzen dizkiegu, beren garapena modu autonomoan egin dezaten eta autonomia hori garatu dezaten.

Zer bilatzen dute gaur egun familiek haurreskola batean?

E.Z.: Familiek, batez ere, beren haurren beharrak ondo zainduta egotea bilatzen dute, eta haurra hemen zoriontsu egotea. Haurraren garapena ahalik eta onena izatea nahi dute, eta horretarako haurrari behar duen laguntza eskaintzea. Gurasoek nahi dutena da seme-alabak hemen etxean bezala sentitzea.

Mari Karmen Amonarriz: Familiek sentitzen dute hau haurren bigarren etxea dela. Umea gustura etortzen bada eta lasai badago, beraiek ere lasai sentitzen dira, eta azkenean etxe-giro moduko bat sortzen da hemen.

N.A.: Gaur egun, gainera, kontziliazioak ere garrantzi handia dauka familien egunerokoan.

Haur txikien zaintzan eta heziketan, zer balio edo alderdi dira zuentzat ezinbestekoak?

MK.A.: Lehen aipatutakoarekin lotuta dago. Haurrari bere mugimendua askatasunez garatzeko aukera ematen diogu, eta horren bidez lortzen da umea lasai, zoriontsu eta autonomo izatea.

E.Z.: Gure helburu nagusietako bat haurra autonomoa izatea da: autonomiak segurtasuna ematen dio haurrari. Haurra seguru sentitzen bada, libre da ikasteko; baina seguru sentitzen ez bada, oso zaila da benetan ikastea.

N.A.: Haurrak bere kabuz ikasten duen neurrian, bere autoestimua ere indartzen da. Horrek segurtasuna ematen dio; azkenean, dena lotuta dago.

Prestatu duzuen egitarautik zer nabarmenduko zenukete bereziki?

MK.A.: Nik uste dut bazkaria izango dela momenturik bereziena, denok elkartuko garen unea izango delako. Gainera, bertsolaria, Oihana Iguaran, haurreskolan ibilitakoa da, eta musika taldeko gaztetxoak ere hemendik pasatutakoak dira.

Kartela ere haurreskolan ibilitako batek egin du, eta nikietako logoa ere beste batek osatu du.

Ospakizun honetan hemendik igaro diren haurrek hartuko dute parte; horrek balio berezia ematen dio guztiari.

Zer desio egingo zeniokete Seaskari hurrengo 50 urteetarako?

E.Z.: Hazten jarraitzea eta kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraitzea; ez dadila galdu.

B.E.: Eta, bide batez, hezkuntza sistemaren barruan dagokion aitortza eta lekua lortzea.

MK.A.: Ilusioari eustea ere bai. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ospakizunetara. Oraindik garaiz dabiltza, behintzat bazkalostera gerturatzeko, eta antolatutako ekitaldietan parte hartzeko. Ilusio handiz prestatutako festa da.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 693 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!