Amasamendiko parke eolikoaren proiektuaren inguruko azken berriak eskaini ditu Udalak

Aiurri 2026ko maiatzaren 28a

Amasamendiko parke eolikoen proiektuaren inguruko egungo egoeraren berri eman du Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehen ingurumen-txostenaren arabera, proiektu honek hegazti espezie babestuengan izan dezakeen eragina oso nabarmena da. Prozedura ez da eten eta ohiko bidea jarraituko du momentuz. Baina txostena eskuetan, enpresarekin zituen harremanak eten ditu Udalak, behin-behinean.

Udalak berak eskatu zien Ingurumen txostena Foru Aldundiari. Gaur egindako agerraldian azaldu dutenez, "hilabete honetan iritsi da eta txosten tekniko horren arabera, proiektu eoliko honek hegazti espezie babestuengan (arrano beltza, sai zuria, miru gorri...) izan dezakeen eragina oso nabarmena da".

Honek hasierako egoera aldatzea ekarri du, izan ere, "Udalak argi du natura-ingurunearen eta bertako ekosistemen kontserbazioa lehentasunezkoa dela, eta zentzu horretan, babestutako espezieak nabarmenki kaltetzea igaro ezinezko marra gorri bat da".

Ondorioz, lehen neurri bezala, "Udal gobernuak enpresarekiko harremanak behin-behinean etetea erabaki du, ingurumen aldetik egingarria dela frogatu artean behintzat. Gaur gaurkoz, datuak esku artean izanda, eta aurrekariak ezagututa, Udalak zalantzan jartzen du proiektu honek aldeko ingurumen inpaktuaren deklarazioa lortu dezakeenik", ondorioztatu du Udalak.

Alegazioak

Proiektuaren prozedura, nolanahi ere, aurrera doa.  "Udalak enpresak aurkeztu behar dituen behin-betiko proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa sakonki aztertuko ditu, eta horrela baloratuko balitz, ingurumen eta hirigintza arloko alegazioak aurkeztuko dizkio proiektuari".

Proiektua uztailean aurkezteko asmoa duela jakinarazi dio enpresak Udalari. Hilabete epea zabalduko litzateke alegazioak aurkezteko. "Hori horrela,  baliteke epe  hori abuztuan zabaltzea, eta badakigu abuztua zer den. Hori horrela bada, alegazio epea luza dezaten eskatuko dugu", azaldu du Beatriz Unzue Alkateak. 

Herri galdeketa

Agerraldian azaldu dutenez, "parke eolikoa egiteko edo ez egiteko baimena ematea Eusko Jaurlaritzaren esku dago. Hala ere, Jaurlaritzak Ingurumen Inpaktuaren Deklarazio positiboa emango balu, Udalak berresten du proiektua herri-lurretan kokatzeak ematen dion indarra erabiliko duela: Kasu horretan Udalak herri galdeketa antolatuko luke lur horiek utzi edo ez, herritarrek modu zuzenean erabaki dezaten. Betiere, enpresak ez badu aldebakartasunez eta orain arte hitz egindakoaren aurka jokatzen, eta lurrak espropiatzeko bideetik jotzen. Dena den, enpresak beti adierazi du Udalarekin adostasunean garatu nahi duela proiektua, eta udalaren baldintza herri galdeketa bidez erabakitzea izan da hasieratik", adierazi du Xabat Laborde alkateordeak.

Nolanahi ere, Xabat Labordek azpimarartu duenez, "Enpresak oraindik ez du proiektua aurkeztu eta aldundiaren beste txosten batzuk ere faltako lirateke, ondarearen inguruko txostena, esaterako. Nolanahi ere,  faunari eragiten dion txoaten hau oso indartsua da. Oso babestuta dauden hainbat espezieri kaltea eragingo liekela jasotzen du eta uste dugu aukera asko dagoela proiektua bertan behera geratzeko. Organo erabakitzailea, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritza da".

Herria eta ingurumena

"Udalaren konpromisoa argia da: herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira, nahiz eta argi izan energia iturri berriztagarrien hedatzea beharrezkoa izango dela ditugun energia kontsumo handiak asetzeko eta erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko", adierazi dute.

2025eko maiatzean jarri zen lehen aldiz harremanetan Premier Group enpresa Villabonako Udalarekin. Udal gobernuak hainbat baldintza jarri zion enpresari, "herriaren interesak defendatzeko. Enpresak aurkeztutako hasierako proiektuan aerosorgailuan baserrietatik gertuegi (300 metro) kokatzen zirela ikusi zen eta Udaletik egindako presioari esker, enpresak kakapenak aldatzea eta baserrietatik gutzienez 500 metroko distantziara urruntzea lortu zen, proiektua herri lurretara (Amasamendira) eramanez".

Beste zenbait abantaila batzuk ere negoziatu ditu bide honetan, Udalak enpresarekin: Energia horniketa merkeagoa lortzea herritarrentzat, merkatari, ostalari, zerbitzu eta tokiko industria enpresentzat; parke eolikoaren jabetzaren %20 Udalarena (publikoa) izatea; udal jabetzako lur publikoen lagapena onartzeko, herritarren gehiengoaren babesa izatea.

Datozen egunetan, proiektu eolikoaren inguruko informazioa biltzen duen Amavi aldizkari berezia banatuko du Udalak Amasa-Villabonako etxe guztietara. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!