"Mundua gelditu zitzaigun diagnosia jaso genuenean"

Ainhoa Gil 2026ko ekainaren 7a

Haritz Mendia eta Ane Ayestaran, Amasa-Villabonako Malkar plazan.

Hamalau urterekin atzeman zioten 1 motako diabetesa Ane Ayestaran billabonatarrari; hiru urte besterik ez zituela, Haritz Mendiaren alaba Laidari. 

Joan zen maiatzaren 28an 'Mi dulce guerrer@' dokumentala eskaini zuten Villabonako Gurea aretoan. 1 motako diabetesak gaixoengan eta familiengan duen eragina aztertzen du dokumentalak eta, gaia hartuta, Ane Ayestaran eta Haritz Mendiaren hitzak jaso ditu Aiurrik.

'Mi dulce guerrer@' dokumentala eskaini berri dute herrian. Zein izan da jendearen erreakzioa?

Haritz Mendia: Jende asko gerturatu zen emanaldira. Askok errealitate hau ezagutzen zuten lehendik, baina beste askok ez. Barruak mugitzen dituen dokumentala da, diabetesak berarekin ekartzen duen guztiaz jabetzeko baliagarria.

Ane Ayestaran: Kanpotik ikusten dena baina gehiago suposatzen du diabetesa edukitzeak. Nahiko bizitza normala egin daiteke, baina bere zama du. Egiten duzun guztia diabetesa kontuan hartuta egin behar duzu. Helduon kasuan, geronek eramaten dugu zama hori eta, haur eta nerabeen kasuan, gurasoek. Filman agertzen den mutiko batek esaten zuen 'rollo' bat dela, eta halaxe da. 

H.M.: Gure kasuan, alabak du diabetesa eta guri egokitu zaigu bere prozesua eramatea. Oso ezberdina da norberak eraman beharra, edo guraso paperetik bizitzea. Bakoitzak bere karga edo ardurarekin bizitzen du egunerokoa. Nik askotan esaten dut nahiago nukeela diabetesa neronek eduki, alabak edukitzea baino. 

Hiru urterekin atzeman ziote Laidari 1 motako diabetesa. Nola bizitu zenuten momentu hura?

H.M.: Umea ur asko edaten eta pixa asko egiten hasi zen eta pediatrarenera joan ginen. Odoleko azukre maila neurtu, eta berehala bidali gintuen Ospitalera. Diabetesa diagnostikatu zioten eta astebete egin zuen Laidak bertan ingresatuta. Mundua gelditu egin zitzaigun une hartan. 2013ko otsailaren 5ean izan zen. Umeari gutxienez egunean sei aldiz ziztatu behar genion intsulina, otorduak zaindu... Informazio pila bat eman ziguten eta bakarrik sentitu ginen, galduta. Hasiera oso gogorra da. Diabetesa duten ezagunengana jo genuen, erreferentzia bila. 

A.A.: Nire kasuan, 14 urte nituen eta ez nintzen ondo sentitzen.  Medikutara joan, analitika egin, eta han atera zen diabetesa nuela. Ingresatuta egon nintzen ni ere. Formazioa eskaini zidaten, baina etxera iritsitakoan, ez nekien intsulina jartzeko lumari orratza nola jarri ere. Urgentzitara joan behar izan genuen, zer egin galdetzera. Nire kasuan ere, garrantzitsuak izan ziren diabetesa zuten ezagunekin hitz egitea. Hortik aurrera, gure artean kalean dugun harremanak bizia ematen dit, terapia modukoa egiteko balio digu. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Nire kasuan, jendeak askotan galdetzen dit zer moduz daramadan diabetesa. Eta ez dakit zer erantzun, izan ere, ez baitut beti berdin eramaten. Bizitza bera ere ez da beti berdin eramaten eta diabetesa nire bizitzako parte da. Oso gaixotasun multifaktoriala da eta ez da erraza kudeatzea. Urduritasunak, beroak, hormonak, emozioek..., gauza askok eragin dezakete.

Zenbat baldintzatzen du egunerokotasuna 1 motako diabetesak?

H.M. Bizitzako arlo guztietan eragiten du. Otorduak egiteko garaian, kirola egitean, ikasketatan, asteburu-pasa joatean, oporretan, nerabea udalekuetara joaten denean, gauetan...

A.A.: Infusorea daramagu orain eta horrek asko lagundu du. Insulina lehen guk jartzen genuen erabat. Orain infusorea jarrita daramagu eta bakarrik lan egiten du. Jaten ez duzun momentuan, askatasuna ematen dizu eta diabetesa ahaztu dezakezu, hurrengo otordua egin arte. Gainerakoan, edozein gauza egiterako garaian, kontuan hartu behar duzu diabetesa eta guztia ondo planifikatu, gainkarga bat da.  

H.M.: Gure kasuan, Laida doan toki guztietan jakinarazten dugu diabetesa daukala; eskolan, kirolean, udalekuetan... zein behar izan ditzakeen azaltzen dugu.

A.A.: Gogoan daukat niri antzeman zidatenean ez nekiela ikaskideei zer esan. Erizan batek esan zidan ez nuela kartel bat jarri beharrik diabetesa nuela azaltzeko, baina ez zela izkutuan ibiltzeko kontua ere eta hala egin dut. 

Zeintzuk dira aldarrikapenak?

H.M.: Gaixotasunaren ikerketa da aldarrikapen nagusia, baina beste bat izan daiteke ikastetxetan erizaina egotea. Sor daitezkeen premia ezberdinak estaltzeko, beharrezkoa litzateke erizainak egotea. Diabetesa, alergiak... ikastetxeetan premia asko sor daitezke eta ona litzateke erizainak izatea, eskola bakoitzean ez bada, bailaraka antolatuta, adibidez. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 694 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!