"Herriak itzaltzean konturatuko gara denda txikien garrantziaz"

Leire Uranga 2026ko ekainaren 8a

Nerea Eizmendi, Eizmendi Anaiak dendan. Hamarkada bat darama bertan lanean.

62 urteko ibilbidea du Eizmendi Anaiak dendak. Moda Biziz ekimena aitzakia hartuta, Nerea Eizmendirekin hitz egin dugu tokiko merkataritzaren bilakaeraz eta gaur egungo erronkez

Lehenik, aurkeztu zuen denda: nola sortu zen, zer eskaintzen duzue eta zenbat urte daramatzazue martxan?

Eizmendi Anaiak hasiera-hasieran arma-denda bat zen. Nire aita eta nire osaba hasi ziren, eta gero nire ama eta nire izeba gehitu ziren. Haiek jarri zuten martxan kirol-denda, eta horrela osatu zen gaur egungo denda. Guztira, 62 bat urte daramatzagu martxan.

Lehen lokala aldamenean geneukan, baina gero hona aldatu ginen, eta ordutik hemen jarraitzen dugu. 

Zein egoeratan aurkitzen da gaur egungo merkataritza?

Konpetentzia handia dagoela esango nuke. Azkenean, nire ustez, kalitateari, zerbitzuari eta arreta pertsonalizatuari dagokienez ez dago alderik, baina bada hori bilatzen duen jendea eta bada bilatzen ez duena ere.

Batez ere, publiko gaztea oso gutxi etortzen da. Beste modu batera kontsumitzera ohituta dago, eta egunerokoan ikusten eta ikasten duenaren eraginez, erosketak online edo ohiko dendetatik kanpoko beste bide batzuen bidez egiten ditu.

Oro har, egoera ez da ona. Noiz konturatuko gara horretaz? Herriak itzaltzen hasten direnean. Betiko dendak ixten ari dira, gero eta gauza gutxiago ditugu herrian bertan, eta horrek herritik kanpora joatera edo internet bidez erostera bultzatzen gaitu.

Zer da eta zertan oinarritzen da Moda Biziz ekimena?

Iazko udazkenean egin genuen lehen aldiz hemen, nahiz eta beste herri batzuetan lehenagotik egin izan den. Beti saiatzen gara zerbait desberdina egiten, eta iazko udazkenean animatu ginen ekimen hau antolatzera. Eguraldiak ez zigun gehiegi lagundu, baina oso ondo atera zen.

Azkenean, erakusleiho bat ere bada. Herriko jendeak gure produktuak beste modu batera ikusteko aukera du: kalera aterata, jantzita eta testuinguru erreal batean. Oso harrera ona izan zuen, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Gainera, musika, dantza eta aurkezpena ere izan genituen; DJ Zigorrek musika jarri zuen, Oier Labordek dantza emanaldia eskaini zuen, eta Oizeder Mayok aurkezle lanak egin zituen. Horrek guztiak asko laguntzen du.

Hasieran urtean behin egitea proposatu zen, baina gero pentsatu genuen: zergatik ez udaberrian ere? Azken batean, udaberria koloretsuagoa da, eta garai honetan ere dendak irekita gaude.

Aurten, gainera, lekuz aldatu genuen eta Txistulari plazan egin genuen. Eguraldiak lagundu egin zigun, eta saio polita atera zen.

Zer garrantzi dute halako ekimenek tokiko merkataritzarentzat?

Uste dut erakusleiho polita dela jendeak ikusteko zer eskaintzen dugun. Lanketa bat dago atzean, herriko ekimena da, eta niretzat ateak irekitzen dizkigu. Izan ere, batzuek badakite denda bakoitzean zer dagoen, baina beste askok ez.

Gainera, askotan jendeak sorpresa hartzen du; ez du espero herriko dendetan aurki daitekeen guztia.

Antzeman zenuten eraginik edo onurarik ekimenaren ondoren?

Bai. Niri, adibidez, udazkeneko desfilearen ondoren pare bat pertsonak deitu zidaten modeloek zeramatzaten jantzi jakin batzuengatik galdezka. Eta beste dendarien ahotik ere entzun izan dut antzeko esperientziak izan dituztela. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 694 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!