Villabonako Udalak webgunea berritu du

Aiurri 2026ko ekainaren 3a

Amasa-Villabonako Udalak www.villabona.eus udal-webgunea eraberritu eta eraldatu du, eta dagoeneko erabilgarri dago sarean. Udaletik adierazi dutenez, aurrekoa baino webgune arinagoa, errazagoa, intuitiboagoa eta modernoagoa dute orain, garai berrietara egokitua.

Jakinarazi dutenez, plataforma berria udal-informaziorako sarbidea hobetzeko eta Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa errazteko sortu da. Webgune berriak Udalaren zerbitzu eta informazio guztiak mantentzen ditu baina, horrez gain, hainbat berrikuntza eta hobekuntza gehitu zaizkio, edukietarako sarbidea errazteko eta erabiltzaileei esperientzia arinagoa eta hurbilagoa eskaintzeko.


Gehitutako berrikuntza nabarmenen artean, galdutako objektuen atal berria dago. Bertan Udaltzaingoak aurkitu eta bulegoan gordeta dituen objektuak argitaratuko dira, jabeek errazago aurkitu eta berreskuratu ditzaten galdutako objektu horiek. 


Era berean, kexak eta iradokizunak egiteko gune berri bat ere sortu da. Horren bidez, herritarrak Udalarekin harremanetan jarri daitezke iritziak, eskakizunak, proposamenak, kritikak edo udal-zerbitzuekin lotutako beste edozein gai helarazteko.

Gainera, web orri berriak hemeroteka ere badu. Bertan 2012. urtetik Udalak bere webgunean argitaratutako berri guztiak irakurri daitezke. Horrela, iraganeko informazioa gorde eta eskuragarri mantenduko da.

Udalaren webgune berriaren garapena eta diseinua Elkarmedia enpresak egin du. Komunikazio digitala berritzeko eta hobetzeko proiektu hau aurrera eramateko Udalak 9.534 euroko inbertsioa egin du.

Atari digital berria eguneratzeko lanak ez dira guztiz amaitu eta oraindik informazioa falta da gehitzeko. Datozen asteetan atal desberdinak osatu eta eduki berriak gehituko zaizkio, herritarrek udal informazio guztia modu argi eta eguneratuan eskura dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!