Amasamendiren defentsan jarraituko dutela jakinarazi du Amasamendi Bizirik elkarteak

Ainhoa Gil 2026ko ekainaren 4a

Makroeolikoen aurkako borrokan eta Amasamendiren defentsan jarraituko dutela adierazi dute gaurko agerraldian. Aldundiaren ingurumen-inpaktuaren txostenaren ondoren, Amasa-Villabonako Udalaren jarrera zalantzan jarri dute

Amasamendi Bizirik elkarteko kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldean. Hamarnaka bizilagunen babesarekin irakurri dute prestatutako adierazpena. Amasamendin aurreikusitako makroeolikoen proiektuaren aurkako jarrera berretsi dute bertan.

Aldundiaren ingurumen-txostena jaso du hilabete honetan Amasa-Villabonako Udalak eta babestutako espezieengan izan dezakeen eraginagatik kezkatuta agertu zuten udal ordezkariek joan zen astean. Amasamendi Bizirik taldeko kideek honakoa adierazi dute gaur: "Herritarrok, ordea, hasieratik argi genuen dimentsio honetako proiektu batek ingurunean izango lituzkeen ondorioak onartezinak direla; horren erakusgarri dira joan zen uztailean bildutako 1.548 sinadurak".

Udalaren adierazpenak hartu dituzte hizpide: "Gaur gaurkoz proiektuarekiko zalantzati aurkeztu dira, baina orain Eusko Jaurlaritzak ingurumen aldetik egingarria dela “frogatzen” badu, berriz ere proiektua bultzatzeko asmoa izatea ez dugu ulertzen. AHTren proiektua instituzioen aldetik egingarria dela esana dago baina benetan sinesten duzue ez dituela  ingurumenean kalte onartezinak egiten?"

Amasa-Villabonako udalak enpresa sustatzailearekin izan dituen negoziaketen balioa zalantzan jarri dute gaurko agerraldian: "Guk argi dugu enpresarekin berriz ere harremanetan jartzeak onurak baino kalte gehiago ekarriko dituela. Harrigarria da lehen herri galdeketa mahaigaineratu izana, enpresak herritarron iritzia kontuan hartuko zuela esanaz adieraztea eta orain horri eusten jarraitu beharrean, ingurumen-inpaktuaren baimena izatera itxarotearen hautua egitea. Udalaren hitzetan, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo ditu iristen diren egunean eta horrela baloratuko balitz, elegiteak aurkeztu. Dagoeneko proiektuak kalteak eragingo dituela argi dago, eta ez al dira gai gaurdanik helegiteak jartzeko konpromisoa hartzeko?". Negoziaketa horiek izan dezaketen indarra ere zalantzan jarri dute: "Gure iritziz, orain arte enpresarekin izaniko negoziaketetan Udalak ez du inongo abantailarik lortu. Honako enpresa multinazional hauekin idatziz jasota ere ez dago ezer ziurtatzerik, bada, guk dakigunaren arabera, Udalak aipatzen dituen abantailak idatziz jasoak ere ez dituelako. Horrez gain, Premier Group bezalako enpresa batekin baldintzak idatziz jasota ere, gero (askotan gertatu izan den bezala) eraikitzera beste enpresa bat baldin badator, adostutako hori guztia pikutara joan daiteke".

Proiektu energetiko handien helburuen inguruan ere aritu dira gaurko agerraldian, kontsumo energetikoaren efizientzia edota murrizketa baino gehiago, gutxi batzuen irabaziak handitzen jarraitzea bilatzen dutela aipatuz. "Gainera, nahikoa kontraesankorra dirudi pentsatzea egoera honen arduradunak izango direla egoera honetatik aterako gaituztela esaten digutenak".

Amasamendi Bizirikek nazioarteko erakunde zientifikoen datuak ere aipatu ditu, klima-krisiaren eta egungo eredu ekonomikoaren arteko lotura azpimarratzeko. Taldearen esanetan, azken urteotan energia berriztagarrien instalazioak ugaritu diren arren, berotegi-efektuko gasen emisioek gorantz jarraitzen dute, eta horrek erakusten du arazoaren muina ez dela teknologia faltan bakarrik bilatu behar.

Agerraldia amaitzeko, makroproiektuen aurkako borrokan jarraitzeko borondatea azaldu dute elkarteko kideek: "Beraz, Udalak oraindik makroeolikoen proiektu hau behin betiko baztertzeko pausorik eman ez duen bitartean, eta enpresak baimenak lortzeko aukera zabalik mantentzen den heinean, argi dugu mobilizatzen eta presio egiten jarraitu beharko dugula. Ez dugu onartuko gure mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea, ezta “trantsizio berdearen” izenean makroproiektu suntsitzaileak inposatzea ere. Horregatik, Amasamendiren defentsan eta makroeolikoen aurka lanean, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu". 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!