Gasteizen egin dute "Makil hotsak" ikuskizunaren estreinaldia

Aiurri 2026ko ekainaren 14a

Hika Teatro konpainiaren berrienean Oinkariko dantzariak garrantzi handikoak dira. Gaur egin dute estreinaldia Gasteizen eta uztailaren 12an Amasa-Villabonan ariko dira.

Ikuskizunaren sinopsia

"Gizatasunez betetako mundu aske batekin amets egiten duen edonori zuzenduta.

Europa, eta mundua orokorrean, asaldatuta daude. Ukraniako gerrak, Palestinako genozidioak, Trump amerikar presidentearen inperialismo eroak edota Europa zeharkatzen duen migrazio krisiak ziurgabetasun sozial eta politikoa areagotu du eta gerra hotsak nonahi entzuten dira. Hau gutxi ez, biztanleria berrarmatzea eskatzen duen eskuin muturreko ahotsak gero eta gehiago dira. Zoritxarrez, hirugarren mundu-gerra baten utopia, distopia posible bat bezala ikusten hasita gaude.

Testuinguru horretan, ARTEAren ahotsa inoiz baino beharrezkoagoa delakoan gaude. Herrien arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea lehenetsiko dituen jarrera bakezale eta antimilitaristak eraiki behar ditugu, armarik gabeko mundu batekin amets egiteak ezin duelako utopia bat izan behar. Behar du izan premiazko behar bat, gizartearen konpromisoarekin irudimen handia eskatzen duen errealitatea.

Garaia da beraz, gure begirada bestean eta ez bestearen aurka jartzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!