Urtebeteko etenaldiaren ondoren, martxan da berriz ere Euskal Pentatloia. Amasa-Villabonak larunbat honetan hartuko du sailkapen faseko proba, Errebote plazan. Antolakuntzaatik, eskerrak eman dizkiote Udalari: EBadakigu horrelako ekitaldi bat antolatzeak udalaren aldetik ahalegin handia eskatzen duela, eta eskertu nahi dugu herri kirolen, euskal kulturaren eta gure nortasunaren alde egiten duten lana".
Euskal Pentatloiak bost herri kirol modalitate biltzen ditu. Aurten ere, tamalez, ez da emakumezkoen txapelketa antolatzerik izan, "hala ere, lanean jarraituko dugu etorkizunean hori ere errealitate bihurtzeko. Badakigu ez dela erraza, kirolari kopurua mugatua delako eta probak prestakuntza oso zorrotza eskatzen duelako, baina gure helburua hori ere berreskuratzea da".
Gizonezkoen maila bakarra izango da, hamalau parte-hartzailerekin. Kirolariek bost modalitate hauei egin beharko diete aurre: 100 kiloko bola altxatzea, giza proba 400 kiloko harriarekin, aizkora lana, 50 kiloko txinga bana eramatea eta, azkenik, korrikako proba.
Parte-hartzaileak:
Andoni Iruretagoiena · Izeta VI.a
- Xabat Olaizola
- Beñat Telleria
- Ioritz Gisasola
- Benat Amade
- Julen Kañamares
- Jokin Urretabizkaia · Basozabal
- Iker Goldarazena
- Iñigo Zabala
- Jakes Iruretagoiena · Izeta V.a
- Jon Bengoetxea
- Julen Odriozola
- Mikel Marijuan
- Raul Zelaieta
Kanporaketan egin beharreko lanak honako hauek izango dira: hamar altxaldi 100 kiloko bolarekin, plaza bat giza proban 400 kiloko harriarekin, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat moztea, txingekin hiru plaza egitea kilometro bateko korrika, plazan bertan prestatuko dugun zirkuituan, ohiko zezen-plazako eraztuna gogoraraziko duen ibilbidean.
Kanporaketarako sarrera doakoa izango da, "eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu bertaratzera. Azken finean, gure herri kirolak, gure kultura eta gure nortasuna gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango da. Euskal Pentatloia herri kirolik osatuenetakoa dela esan dezakegu. Kirolari onena nor den erakusteko proba da, bost modalitate oso ezberdinetan maila gorena eman behar baita".
Duela urte batzuk berreskuratu zen, ia hogeita hamar urtez jokatu gabe egon ondoren, eta lehen urteetatik arrakasta handia izan du. "Orain arte bi txapeldun nagusi izan ditugu. Alde batetik, Xabier Zaldua zumarragarrak hiru aldiz irabazi zuen txapela. Bestetik, azken lau urteetan Andoni Iruretagoiena, IZETA izan da garailea. Erakutsi duen maila harrigarria izan da eta aurten bereziki bere lanaz gozatzeko irrikitan gaude".
Xabier Zalduak, herri kirol munduan jarraitzen badu ere, Pentatloiak eskatzen duen prestakuntza mailari ezin ziola behar bezala eutsi iritzita, lehiaketan parte hartzeari uztea erabaki zuen. "Pena handiz hartu genuen albistea, baina, aldi berean, pozik gaude azken urteotan beste hainbat kirolarik erakutsi duten maila ikusita; horrek lehiaketa gero eta ikusgarriagoa bihurtzen du".
"Askotan faborito bat aipatzen bada ere, inor ezin da baztertu. Kanporaketako lanak laburragoak eta leherkorragoak dira, eta horrek xarma berezia ematen dio lehiaketari. Xabat Olaizolak eta Beñat Telleriak osatu zuten azken podiuma, baina Ioritz Gisasola eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' ere aipatuko ditugu. Lan motz hauetan ezin dugu inor kinieletatik kanpo utzi noski. Gogoratu Julen Kañamares, Benat Amade, aipatuko ditugun kirolariak. Orain dela 9 urte bezela, 18 urteko Gazte bat izango dugu plazan, lehian, Jakes Iruretagoiena, Izeta V.a; Gazte Mailako Txapelketan ikusi genuen txapela jartzen baina orain baldintzak erabat aldatzen zaizkio. Bere lanean izugarri sinesten dugu ere".
Hamalau kirolarietatik sei sailkatuko dira finalera, eta lehia guztiz irekita dago. "Ziur gaude ikusleek goi mailako ikuskizuna izango dutela. Amaitzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Mahala, Eusko Label, EITB eta Diario Vasco babesleei, proiektu honetan jarritako konfiantzagatik. Eta, noski, berriro ere, eskerrik asko Villabonako Udalari eta gure beste babesle guztiei!!"