"Pedagogia eta eztabaida falta dira gurutze frankistekin"

Xabier Lasa 2026ko abuztuaren 1a

Joanes Karrera, ikerketa lana eskuetan duela, Villabonan.

Joanes karrera historialariaJoanes Karrera historialari gazteak ikur frankistak hartu ditu ikergai berriki. Batez ere 1936ko Gerran ipinitako gurutzeekin pedagogia eta eztabaida nagusitu beharko litzatekeela adierazi du

Joanes Karrera Ormaetxeak (Amasa-Villabona, 1996) aitortu du txiki-txikitatik eduki izan duela gogoko historia. “Gurasoekin edonora oporretara-eta joaten nintzenean, historia-museoek edota gazteluek, harresiek, oroigarri zaharrek... pizten zidaten arreta. Gertakizun historikoekin lotutako asmakizun fantasiotsuak aske mugitzen ziren nire irudimenean orduan. Horrela, DBHn, ikaskide askok ez bezala, nik ez nuen zalantzarik eduki nondik jo”.

Gasteizeko EHUko historia fakultatean, 1936ko Gerrarekin lotutako laborategi arkeologikoan egin zituen lehenbiziko praktikak, eta hortik abiatuta egin zuen bere gradu mailako amaierako ikerketa lana 2018an, “Gerra Gipuzkoatik Arabara. Euskal Herrian Gerra Zibileko arkeologiaren bi kasuren arteko konparaketa”, hain zuzen.

Ikasketak amaiturik, arkeologiaren espezializazioan sakontzen jarraitu zuen Karrerak, eta paisaiaren kudeaketaren masterrari heldu zion. Aldi berean, Aranzadi elkartea garai hartan eskualdean burutzen ari zen Saseta defentsa-sistema berreskuratze lanetan murgildu zen, boluntario gisa. Zundaketa prospekzioetan eta indusketetan hartu zuen parte, Ezkeltzuko parajean (Zizurkil) batik bat, Manex Arrastoa, Julien Blanco eta beste zenbait arkeologorekin.

Ikur frankistak, ikergai

Historia garaikideko masterrari ekin zion, segidan, Karrerak. “Garaitsu hartan, gurutzeen gaia pil-pilean zebilen: Belkoaingo gurutzearen gaineko eztabaida-saiakera egin zuten Adunan, Buruntzako gurutzea eraitsi zuten Andoainen, Ondarroan eta beste zenbait tokietan ere 1936ko gurutzeak erasotuak izan ziren... Gaiak jorratzea merezi zuelakoan heldu nion master-lanari, hainbat aspektu sakontzeko gogoz: zergatik jarri zituzten bere garaian, urteen poderioz eduki zuten eboluzioa, azken aldian zergatik jarri dituzten jomugan gizarteko zenbait sektorek...”.

"Caidos por Dios y por España: iconoclasia en los monumentos a los Caidos de Gipuzkoa" du izenburu Karreraren ikerketa lanak (“iconoclasia” kontzeptuarekin, irudi, ikono eta monumentu sakratu edo politikoak nahita suntsitzea edo baztertzea esan nahi da).

Labur esanda, lau atalek osatzen dute lana: marko teorikoa (ondarea eta memoria, oroigarri gisako monumentuak, monumentuen txikitzeak…), frankismoak indarrez eta odolez eraikitako “Espainia Berria”ren kontakizuna, kolpe militarraren aldeko borrokan hildakoen alde EAEn 1936tik aurrera eraikitako monumentuak, eta, azkenik, erorien aldeko monumentuak (gurutzeak tarteko) eraisteak memoria historikoaren arloan berpiztu duen eztabaidarako zenbait gogoeta.

“Datu historiko batzuk emateaz gain, gogoetarako bideak urratzen dira, gaia ulertzeko lagungarri izan daitezkeenak: non eraiki zituzten frankistekin hildakoen aldeko monumentuak, zergatik eraiki zituzten, zein izan zen horiekin batera frankismoak zabaldu zuen diskurtsoa, elementu horiek nolako eboluzioa eraman zuten esanahiaren ikuspegitik geroztik, azken aldian horiek erasotzen ari direnen arrazoiak, zer beharko litzatekeen egin ikur horiekin... Ikerketa Euskadiko Erkidegora, eta zehazki, Gipuzkoara mugatu da gehienbat”.

Nork irabazi zuen garbi uzteko ikurrak

Frankismoak monumentu publiko horiek gerra nork irabazi zuen eta nork agintzen zuen garbi gera zedin eraiki zituztela dio Karrerak. “Askapen gurutzada nazional-katolikotzat jo zuen diktadurak 1936ko kolpe militarra, premiazkoa omen zen gizartea etsaietatik askatzeko, eta basakeriaren justifikazioaren ideia hori proiektatu nahi izan zuten monumentu publikoekin. Dena den, urtetan aurrera, diktadura joan zen ohartzen gizartea aldatzen ari zela, eta 60ko hamarkadatik aurrera esango nuke, bizirauteko asmoz, erresignifikazio edo esanahi-berritze bat zabaldu zuen: gurutzadaren kontzeptu belikoa pixka bat baztertu, eta “anaien arteko gatazka” “gerra zibila”, “errekontziliazioa” eta antzekoak hasi ziren erabiltzen; horrekin batera, konnotazio katoliko hutsa eman nahi izan zioten monumentu horiei”. 

Eztabaidaren premia

Monumentu horien gaineko pedagogia eta eztabaida falta direla iruditzen zaio Karrerari. “Eztabaida publikoa falta da, informazioa, pedagogia, iritzi trukaketa... Kontsentsua topatzea izango litzateke egokiena, nahiz eta onartu behar den zaila dela denok gogo onez uzteko erabakia hartzea, iritziak, ideologiak, sentimenduak, sinesmenak... tarteko daudenean”.

Karrera zenbait gako garatzen saiatu da idatz-lanean, kontuan har daitezkeenak premiazko ikusten duen eztabaida publiko horretan. 

Betierekotasunaren ideia kolokan jartzea da horietako bat, “sinbologia eta mezu jakinak dituzten monumentu publikoek ez dute zertan betirako izan behar; unean-uneko gizarteak interpretatu beharko lituzke, bat egiten ote duten bere balioekin eta bere historiarekin, pentsamenduarekin, sentimenduekin..., eta erabaki zer egin horiekin. Printzipio hori edozein eratako eraikin sinbolikoekin aplikatu beharko litzateke, naturaltasunez”. 

Erresignifikazioaren kontzeptua ondo aztertu beharra ere aldarrikatzen du. Era horretan, zalantzagarritzat jotzen du azken urtetan instituzioetan indar hartu duen ideia: gurutze frankistekin, orduko plaka ordezkatzea nahikoa izan daitekeela, Gogorak eskatuta zenbait adituk aholkatu zuten eran. Belkoaingo gurutzearekin egin dena izan liteke eztabaidagarria den beste kasu horietako bat: gainean ikurriña jarri, plaka txiki bat erantsi, eta panel bat zutitu dute harengandik gertu. 

Lau gurutze eskualdean, diktadurak jarriak

Buruntzako gurutzea

1939/08/27an inauguratu zuten Andoaingo Udalak eta herriko Falangeak bultzatutako gurutzea. “Cruzados de la Fe y al Patria. A vuestra Santa Memoria consagra el pueblo de Andoain, esperanza de nuestra redención. 1936-1939” inskripzioa zeraman plaka erantsi zioten. 2021eko abenduan, Ernai gazte erakundeko kideek eraitsi egin zuten, faxismoaren ikurtzat jo eta gero. (Informazio gehiago, “Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen Buruntzako gurutze frankista” liburua; Oroituz elkartea, 2023).

Belkoaingo gurutzea

1939/09/24an inauguratu zuten. Adunako Udalak sustatu zuen, adunarren eta Andoaingo Sorabilla auzoko herritarren “borondatezko” ekarpen ekonomikoari esker hein handi batean. (Informazio gehiago, Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburua. Aranzadi elkartea, 2016. Egileak: Javier Buces eta Karlos Almorza).

Belabietako gurutzea 

1939/05/07an inauguratu zuten. Erantsi zioten plakak zionez, gorazarre bikoitza egin nahi izan zieten bi gertakizun historikoetan hildako karlistei; hots, indar karlisten eta liberalen arteko 1873/12/09ko Belabietako borrokaldi ospetsuan hildako karlistei (guztira 600 bat heriotza izan ziren) batetik, eta bestetik, 1936ko “Gurutzada nazional-katolikoarekin” borrokatuz hil ziren karlistei.

Murgil gurutzea

"Larraulgo erriyak Jaungoikoari eskarrik-asko. 3-VIII-1939. Aita gurea..." dioen testua erantsi zioten Murgil tontorrean ipinitako gurutzeari. Herrian hildakorik ez zelako izan Jaungokoari eskerrak emateko keinua izan zela gurutzea interpretatu izan da Larraulen aspalditxotik. Usteak uste, Karlos Almorza Aranzadiko historialariek azken aldian egindako ikerketen arabera, bi pertsona gutxienik hil ziren herrian. Horietako bat, Jose Joakin Egaña Uria, gudaria, Larraulgo plazan bertan lurperatu zutela dioen agiria aurkitu du Almorzak.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!