Elkartearen helburu nagusietako bat jubilatuen arteko harremanak sustatzea da. Izan ere, arduradunek azaldu dutenez, "bakardadeari aurre egiteko eta lagunartean denbora pasatzeko aukera" eskaintzen du elkarteak. Horretarako, jarduera ugari antolatzen dituzte urtean zehar.
Bingoak, esaterako, arrakasta handia du eta astean hirutan elkartzen dira jokatzeko. Kartetan ere aritzen dira, eta Gipuzkoa mailako txapelketetan parte hartu izan dute.
Dantza ere gustuko dute Salbadorako kideek. Ikastaroa egiten dute urtean zehar, eta Zumarragako txapelketan parte hartzen dute. “Oso dantzariak gara”, diote umorez. Lineako dantzak egiten dituzte, eta Santioetan ere ez dute dantzarako aukerarik galtzen.
Bestelako ekintzak ere badituzte. Iraileko azken asteburuaren bueltan Jubilatuen Astea antolatzen dute, eta hitzaldiak ere egiten dituzte Udalaren laguntzarekin. Iaz, esaterako, "testamentu biziari" buruzko saioa izan zuten. Esperientzia interesgarria izan zela azaldu dute, eta aurrerantzean hitzaldi gehiago antolatzeko asmoa dute.
Txangoek eta bidaiek ere leku garrantzitsua dute elkartearen egitarauan. Duela gutxi Portugalen izan dira 50 lagun inguruko taldearekin, eta Aginagako sagardotegi batera ere egin dute irteera. Urtean behin Oialumen bazkaria egiten dute, urteko bilkura modura. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, jarduera horiek guztiek harrera ona izaten dute. "Talde oso aktiboa gara", azaldu dute.
Santioetan ere badute lekua
Urte osoan egiten duten jardunak jarraipena du Santioetan. Uztailaren 27an, Jubilatuen Egunean, toka txapelketa eta jubilatuen eskulanen zein margoen erakusketa antolatuko ditu Salbadora Jubilatuen Elkarteak. Erakusketan herriko jubilatuek egindako lanak jartzen dituzte ikusgai. Elkartean eskulanetan trebeak diren hainbat lagun dituztela nabarmendu dute; tartean, herriko tailugile bat.
Egun horretako hitzordu nagusietako bat jubilatuen bazkaria izango da. Herriko jubilatuak elkartuko dira Txerminen, eta 120 lagun inguruk parte hartzea espero dute. Santiago egoitzako kideak ere gonbidatzen dituzte hitzordura.
Kuadrillen Egunean ere izango dute beren tartea. Kafe eta likore dastaketa egingo dute, musikaz lagunduta. Elkarteko kideen esanetan, hitzordu horrek izaten du harrerarik onena: "Txupitora etortzen da jende gehien". Ondoren, ez da faltako dantzarako tartea.
Santioetan duten presentzia ez da berria. Azken urteetan jaietako protagonista ere izan dira zenbaitetan. Bi urtez jarraian txupinazoa botatzeko ardura izan zuten: batean, elkartearen 50. urteurrena zela eta; eta hurrengoan, Oinkari dantza taldearekin batera.
Ekintzak antolatzeko lau boluntario aritzen dira lanean. Astearte eta ostiraletan elkartzen dira. Santioetako egitarauari begiratzea besterik ez dago, herrian presentzia nabarmena dutela ikusteko.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.