Santa Ana eguna gerturatzen ari da, eta konpartsa prestatzen hasiak zarete. Nola doaz aurtengo prestaketa lanak?
Aitziber Cenzano: Aurten Santa Ana igandean izango da, eta, horregatik, ez dakigu zehazki zenbat lagun bilduko garen. Iaz, esaterako, 350 lagun inguru elkartu ginen bazkarian, nahiz eta konpartsan parte hartzen duten guztiak ez diren gero bazkaltzera geratzen. Prestaketa lanak, dena den, martxan daude: dantzariak entseatzen ari dira dagoeneko, eta gainerako muntaketa lanak ere aurreratzen saiatzen ari gara.
Aurtengo konpartsaren gaia Luxuzko itsas bidaia da. Nola aukeratzen duzue gaia, eta zergatik hautatu duzue aurtengoa?
A.C.: Konpartsarako gai-proposamenak urte osoan zehar sortzen dira; askotan, aurreko konpartsa amaitu aurretik ere hurrengo urterako ideiak botatzen hasten da jendea. Gure ustez, garrantzitsuena da aukeratutako gaiak denei parte hartzeko aukera ematea. Garaia gerturatzen denean, guk gai bat proposatzen dugu, eta hortik aurrera bakoitzak bere erara mozorrotzen eta parte hartzen du.
I.U.: Musikak ere pisu handia dauka gaia aukeratzerakoan. Ideia guztiak mahai gainean jartzen ditugu, eta bakoitzaren alde onak eta txarrak aztertzen ditugu: konpartsara nola egokitzen den, zer aukera ematen dituen eta, batez ere, zer musika erabil dezakegun. Izan ere, playback-ak egiten ditugu, eta horretarako musika eskaintza zabala behar izaten dugu. Gai itxiegia aukeratuz gero, zailagoa izaten da jendeak parte hartzea.
Nolako bilakaera izan du konpartsak urte hauetan, eta zer-nolako parte-hartzea espero duzue aurten?
A.C.: Garai batean Oinkari arduratzen zen konpartsaren antolakuntzaz, eta azkenekoz Irrintzik antolatu zuen, ezkontzaren 50. urteurrena ospatzeko. Orduan, erreleboa hartu genuen. Aurtengoa bosgarren urtea izango da. Lehenengo aldian ehun lagun inguru elkartu ginen, pandemia osteko garaian, eta ordutik urtez urte hazten joan da konpartsa. Aurten, ordea, Santa Ana igandean izango denez, ez dakigu zenbat lagun bilduko garen.
Konpartsaz gain, urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen dituzue. Nola antolatzen zarete?
A.C.: Gau Beltza, San Juan gaua eta Olentzaroaren bidea ere antolatzen ditugu. Horretarako, sei lagunek osatutako talde motorra dugu, baina boluntarioen lan ezinbestekoa da. Ekitaldi bakoitzean herritar askok parte hartzen du, eta haiei esker ateratzen ditugu aurrera antolatzen ditugun jarduerak. Guztiok borondatez egiten dugu lan, eta Udalaren dirulaguntza beharrezko materiala erostera bideratzen dugu. Guretzat, boluntarioak ezinbestekoak dira; haiek gabe ezinezkoa izango litzateke ekitaldi horiek guztiak antolatzea.
Nola joan da taldea hazten, eta nola sortu dira urteotan antolatzen dituzuen ekitaldiak?
A.C.: Duela zortzi urte sortu genuen Zunbeltz Kale Antzerkia. Ordura arte, Zunbeltz elkarteak antolatzen zuen Olentzaroaren jaitsiera, baina Udaletik ekitaldiari beste ikuspegi bat emateko proposamena jaso genuen. Horrela sortu zen Olentzaroaren bidea.
I.U.: Handik aurrera, urtez urte, herrian ikusten genituen beharrei erantzuten joan gara. San Juanetan udako solstizioari lotutako ekitaldia antolatu genuen, eta gero ikusi genuen Gau Beltza ospatzeko gogoa eta beharra ere bazegoela.
A.C.: Antolatzen ditugun ekitaldi gehienek mitologia dute oinarri. Gainera, adin-tarte desberdinetako herritarrak kontuan hartzen saiatzen gara. Olentzaroaren bidea haurrei zuzenduta dago batez ere, eta ikusi genuen nerabeentzako ez zegoela antzeko proposamenik; horregatik sortu genuen Gau Beltza. San Juanetako ikuskizuna ere bide beretik etorri zen.
Amaitzeko, zer esango zeniokete Santioak gertu dituzten herritarrei? Bide batez, aurten izango al da berrikuntzarik konpartsan?
A.C.: Herritar guztiak animatuko nituzke jaietako ekitaldietan parte hartzera eta, bereziki, konpartsara gerturatzera. Dantzan edo antzezpenetan parte hartu nahi ez dutenek ere badute lekua: mozorrotu eta eguna gurekin pasatzeko aukera izango dute. Gainera, aurten berrikuntza bat izango da: bingo musikatuaren aurretik, arratsaldean, plazan emanaldi bat egingo dugu. Herritarrek aspalditik eskatzen zuten, eta aurten egitarauan txertatu dugu.
I.U.: Amaitzeko, uztailaren 23ko entsegu orokorraren garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Esketxetan parte hartuko duten guztiek bertan egon behar dute, uztailaren 26rako bakoitzak noiz eta zer egin behar duen argi izan dezan.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.