Musikak leku zabala izango du Santioetan

Leire Uranga 2026ko uztailaren 21a

Uztailaren 27an, Erreboteko plazan eskainiko dute saioa Ai ama! taldeko kideek.

Kontzertuek, erromeriek, dantzaldiek, DJ emanaldiek eta kalejirek osatuko dute aurtengo Santioetako musika eskaintza. Uztailaren 24tik 31ra, askotariko doinuak entzungo dira Amasa-Villabonako kale eta plazetan. 

Musikak leku zabala izango du aurtengo Santioetan. Jaietako lehen egunetik azkenera arte, askotariko musika hitzorduak izango dira Amasa-Villabonan. Kontzertuek eta erromeriek ez ezik, txarangek, elektrotxarangek, dultzaineroek, DJek eta herriko musika taldeek ere girotuko dituzte jai egunak.

Santioei hasiera eman bezain pronto entzungo dira lehen doinuak. Uztailaren 24an, Iraunkorrak txarangak txupinazoa eta ondorengo kalejira alaituko ditu. Egun berean, Eresargi Gazte eta Eresargi abesbatzek kontzertua eskainiko dute Gurea antzokian. Gazteen danborradan ere Iraunkorrak txarangak jarriko du musika. Gauean, berriz, Gabezin taldearen dantzaldia eta DJ Jotasen emanaldia izango dira.

Erromeriak, protagonista

Santio Egunean, uztailaren 25ean, musika goizean goiz hasiko da Loatzo Musika Eskolako Txistu Taldearen dianarekin. Santiotan kantari kantujirak eta Loatzo Musika Eskolako Bandaren kontzertuak osatuko dute goizeko eskaintza. Arratsaldean eta gauean, berriz, erromeriak hartuko du lekukoa: Garixe eta Txibilter trikitilariak, Gari eta Iñaki trikitilariak eta Ostarte taldea ariko dira Erreboteko plazan. Gari eta Iñakiren emanaldiaren ondoren, Larrain dantza herrikoia izango da, Hernaniko dultzaineroen eskutik.

Hurrengo egunetan ere musika eskaintzak ez du etenik izango. Santana Egunean, Loatzo Musika Eskolako Trikitixa Taldeak alaituko du diana. Gauerdi txarangak konpartsa herrikoiaren kalejira girotuko du, eta San Bingo Musikalaren ondoren DJ emanaldia izango da.

Jubilatuen Egunean, berriz, bazkariaren ondoren dantza izango da Txerminen, eta Hernaniko Dultzaineroek buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira alaituko dute. Gainera, Ai ama! taldeak kontzertua eskainiko du Erreboteko plazan.

Kontzertuak eta dantzaldiak

Gazteen Egunean, Distopia elektrotxaranga herriko kaleetan ibiliko da, eta gauean Nafarroa 1512 eta Les Testarudes taldeek joko dute plazan.

Uztailaren 29an, Loatzo Musika Eskolako Txistu Taldekoak buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejiran izango dira; Hernaniko Dultzaineroak, berriz, sokamuturrean.

Kuadrillen Egunean ere musikak protagonismo berezia izango du: Gauerdi txarangak kalejira alaituko du eta Laket taldeak bi dantzaldi eskainiko ditu. Jubilatuen kafe eta likore dastaketan ere ez da musikarik faltako.

Jaietako azken egunean, uztailaren 31n, Hernaniko Dultzaineroek hartuko dituzte kaleak goizean, diana eta buruhandi, ipotx eta erraldoien kalejira alaitzeko. Burrunba elektrotxarangak kalejira egingo du arratsaldean. Gauean, Santio jaietako bideo-laburpenaren ondoren, DJ Txekorren emanaldiarekin amaituko da aurtengo musika eskaintza.

Hala, musikak etenik gabe lagunduko ditu Santioetako jai egunak.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!