Emakumezkoetan, Goiuri Zabaletak eta Andrea Capellanek 22-14 menderatu dituzte Ainhoa Ruiz de Infante eta Enara Gaminde. Gizonezkoetan, berriz, Egigurenek eta Bernaolak 22-9 irabazi diete Igoari eta Arbizuri.
Eskuz binakako finalekin batera, Santiotako gomazko paleta txapelketako finala ere jokatu dute. Goitia-Goitia bikotea (aita-semeak) nagusitu da 25-24, Luisa-Ayerza bikotearen aurka.
Kronika, Behar Zana elkartearen eskutik
𝗘𝗚𝗜𝗚𝗨𝗥𝗘𝗡-𝗕𝗘𝗥𝗡𝗔𝗢𝗟𝗔 𝗘𝗧𝗔 𝗭𝗔𝗕𝗔𝗟𝗘𝗧𝗔-𝗖𝗔𝗣𝗘𝗟𝗟𝗔𝗡 𝗩𝗜𝗟𝗟𝗔𝗕𝗢𝗡𝗔𝗞𝗢 𝗦𝗔𝗡𝗧𝗜𝗢𝗧𝗔𝗞𝗢 𝗫𝗜𝗩. 𝗔𝗡𝗧𝗧𝗢𝗡 𝗣𝗘𝗕𝗘𝗧 𝗠𝗘𝗠𝗢𝗥𝗜𝗔𝗟𝗘𝗞𝗢 𝗧𝗫𝗔𝗣𝗘𝗟𝗗𝗨𝗡𝗔𝗞 𝗘𝗧𝗔 𝗚𝗢𝗜𝗧𝗜𝗔 𝗔𝗜𝗧𝗔 𝗦𝗘𝗠𝗘𝗔𝗞 𝗚𝗢𝗠𝗔𝗭𝗞𝗢 𝗣𝗔𝗟𝗘𝗧𝗔𝗡 𝗧𝗫𝗔𝗣𝗘𝗟𝗗𝗨𝗡𝗔𝗞
Villabonako Bear Zana pilotalekuak hartu ditu gaur goizean Santiotako eskuz binakako XIV. Antton Pebet Memorialeko eta santiotako gomazko paletako finalak. Behar Zana klubak antolatutako txapelketak amaiera eman zion ia hiru hilabetez luzatu den lehiari, eta beste behin ere pilotalekua bete zuten zaleek giro aparta sortu zuten. Finaletako joko mailak eta ikusitako emozioak agerian utzi zuten txapelketa honek pilota egutegian duen sendotasuna eta garrantzia.
Jardunaldia gomazko paletako Santiago Txapelketako finalarekin hasi zen. Ikuskizun handiko partida izan zen, eta Goitia-Goitia bikoteak 25-24 irabazi zien Luisa-Ayerzari azken tantora arte iraun zuen lehia zirraragarrian. Berdintasunak, erritmo biziak eta lau pilotariek erakutsitako joko mailak ikusle guztiak gozatuarazi zituen.
Emakumezkoen finala izan zen jaialdiko bigarrena. Aurrera Leitzako Goiuri Zabaletak eta Ezcarayko Andrea Capellanek 22-14 irabazi zieten Txumuluxuetako Ainhoa Ruiz de Infanteri eta Lea Ibarrako Enara Gaminderi.
Neurketa oso orekatua hasi zen, bi atzelarien arteko pilotakada luzeekin eta erritmo handiarekin. Partidak aurrera egin ahala, ordea, Goiuri Zabaleta nagusitzen joan zen eta finaleko jokalaririk erabakigarriena bihurtu zen. Aurrelariak partida bikaina jokatu zuen, ñakuak, gantxoak eta kalitate handiko erremateak uztartuz. Bizkortasunez eta eraginkortasun handiz amaitu zituen tanto ugari, eta garaipena bere bikotearentzat bideratu zuen.
Gizonezkoen final nagusian, Ilunpe Klubeko Egigurenek eta Lea Ibarrako Bernaolak 22-9 menderatu zituzten Irurtzun klubeko Igoa eta Aaron Arbizu. Hala ere, markagailuak erakusten duena baino askoz ere lehiatuagoa izan zen partida.
Egigurenek berriro ere erakutsi zuen jokoa gidatzeko duen gaitasun handia. Pilota etengabe luzatu zuen, aurkariak higatuz eta tantoa amaitzeko unerik egokiena bilatuz, bai txokoan eta baita pilotalekuaren zabaleran ere. Bernaolak ere maila handiko partida osatu zuen; aireko jokoan nagusitu zen, defentsan segurtasun handia erakutsi zuen eta akatsik apenas egin zuen. Halere, Igoak eta Aaron Arbizuk neurketa serio eta borrokatua egin zuten, tanto guztiak lehiatuz, baina ezin izan zuten txapeldunen nagusitasuna hautsi.
Sari bikainak eskaini dira aurtengoan ere. Garaikurrez gain, urdaiazpikoa, iberiar produktuak, kirol txartelak, sargardo eta ardo kutxak, diru sari garrantzitsuak, argazki pertsonalizatua.
Finalak amaitu ondoren, Zubeldiak autokarabana batean asteburu pasa joateko zozketa egin zen. Saria, kasualitatez, Xabier Ayerzari egokitu zitzaion, gomazko paletako Santiago Txapelketako finaleko txapeldunordeari.
Elkartean izandako bazkari eder batekin amaitu da aurtengo Antton Pebet Memorialaren XIV. edizioa. Ia hiru hilabetez luzatu den txapelketak 140 pilotari baino gehiago bildu ditu, gizonezkoen eskuzko 61 bikote eta emakumezkoen zortzi bikoteren parte-hartzearekin.
Eskerrik berezienak egin nahi dizkio Behar Zanak pilota taldeko babesleak diren guztiei eta Pebet sendiari.