"Gizartean bizitzeko ikuspegi berri bat ezagutu dut"

Lide Ruiz Telleria

Andrea Anton billabonatarra.

Brasilen Mundukideko kooperante gisa hiru urtez aritu ondoren, bertan bizitako esperientziak eta ateratako ikaskuntzak partekatu dizkigu elkarrizketan Andrea Anton billabonatarrak.

Brasilen Mundukideren kooperante gisa aritu zara hiru urtez. Zer nabarmenduko zenuke bertan bizitako esperientziaz?

Esperientzia oso polita izan da, eta gauza asko ikasi ditut. Batez ere, lan kolektiboaren garrantzia nabarmanduko nuke. Bertan, MST (Lurrik Gabeko Nekazari Langileak) mugimendu sozialeko kideekin elkarlanean aritu naiz, eta haiek lan kolektiboa asko lantzen dute. Hain zuzen ere, lan kolektiboaren bidez egiten dute lan, pertsonen eta kulturaren zaintza ardatz hartuta. Horrez gain, interkooperazioa ere lan-tresna gisa erabiltzen dute. Haiek erakutsitakoa nabarmenduko nuke, batez ere.

Zure lehen aldia izan da Brasilen. Zer dela eta erabaki zenuen hara joateko pausoa ematea?

Bai, ez nintzen inoiz Brasilen egon, ezta Amerikako beste herrialde batean ere. Nire kasuan, azken urteetan kooperazioaren alorrean aritu naiz lanean, proiektuen kudeaketan, batez ere. Azken urteetan proiektu asko kudeatu nituen, eta gogoa nuen bulegoan antolatutako proiektu horiek herrialdeetan nola gauzatzen diren ikusteko. Proiektuen prozesu osoa jarraitzeko interesa nuen. Horrek bultzatu ninduen bereziki. Hainbat aukera bilatzen hasi nintzen, eta Mundukidek Brasilera joateko aukera eskaini zidan. Bertako proiektuak eta programa azaltzeaz gain, MSTrekin elkarlanean ari zirela ere adierazi zidaten. Aukera polita iruditu zitzaidan, eta animatu egin nintzen.

Zerk harritu zintuen gehien bertako errealitateaz?

Esan dudan bezala, nire lehen aldia zen Brasilen, eta, nire kasuan, bi errealitate ezberdin ezagutu  nituen: alde batetik, Brasilgo kultura eta hizkuntza, eta, bestetik, MSTren testuingurua eta haren lan egiteko modua. Kulturalki, musika, hizkuntza eta harremantzeko modua asko gustatu zaizkit. Baina, batez ere, MSTren errealitateak eta haien antolaketa- eta lan-moduak harritu naute. 

MST siglek Movimiento de los Trabajadores Rurales Sin Tierra (Lurrik Gabeko Nekazari Langileak) mugimendu sozialari egiten diote erreferentzia. Mugimendua 1984. urtean sortu zen, eta Brasilgo nekazaritza-erreformaren eta justizia sozialaren alde borrokatzen du. MSTko kideen helburua Brasilgo nekazarien lurren banaketa justu eta demokratikoa egitea eta bertako jendearentzat zuzendutako elikagai osasuntsuak ekoiztea da. Elikagai osasuntsuak lortzeko ekoizpen organikoa eta toxikorik gabekoa bultzatzen dute. Hori guztia egiteko, erabiltzen ez diren eremu handiak edota ingurumen-krimenak bizi izan dituzten lurrak okupatu eta kanpalekuak sortzen dituzte, nekazaritza-eredu hori martxan jartzeko. Brasilgo nekazaritza-erreformaz arduratzen den erakunde publikoak (INCRA), lur bat emankorra ez dela erabakitzen duenean asentamenduak sortzen dituzte, lurraren lanketarekin hasteko. Lurraldean kokatzen direnean, lehenik eta behin, hezkuntza eta osasun-zerbitzua garatzen hasten dira, eta nekazaritzari dagokionez, lurra lantzen hasten dira haien ekoizpen eredua abian jartzeko. Elikagaiak ekoitzi ostean, hurrengo pausoa kooperatibak sortzea da, eta une horretan sartzen da Mundukide. 

Hain zuzen ere, Arrasateko Esperientzia kooperatibotik abiatuta, Mundukideren helburua bertako asentamendu eta kanpamenduetan bizi diren pertsonekin kooperatibak sortzeko, ekoizpena kudeatzeko eta industriak garatzeko prozesuan laguntzea da. Funtsean, haien ongizatea eta garapena bilatzen du, bizi-kalitate duina lortzeko. Horrez gain, haien kudeaketa gaitasunak hobetzeko, elkarlanean formakuntza, laguntza eta aholkularitza teknikoa lantzen dugu. Gaur egun, MSTren sektore produktiboaren zuzendaritza-mahaietako parte da Mundukide, eta bere azken Kongresu Nazionalean, haren koordinatzaile nagusiak sozio estrategiko gisa aurkeztu gintuen.

Beraz, galderara itzulita, hori guztia ezagutzea eta beraiekin lehen pertsonan lana egitea izugarria izan da. Gizartean bizitzeko ikuspegi berri bat ezagutzeko aukera izan dut.

Zein izan da zuretzat erronka nagusia? Maila pertsonalean nahiz lan-arloan?

Lanaren kasuan, oso erraz egokitu nintzen. Egia da lur eremuetan nire lankideak baino gutxiago aritu naizela; ni, bereziki, bulegoan aritu naiz. Erronka handiena familia eta lagunengandik urrun egotea izan da.

Gaur egungo gizartea gero eta indibidualistagoa dela esan ohi da. Testuinguru horretan, zer garrantzia du kooperante lanetan aritzeak? Zer ekarpen egiten diozue gizarteari?

Lan egiteko beste modu bat mahai-gainean jartzen du. Indibidualismoaren aurrean, bi herrialderen eta komunitateren artean elkarlana sustatzeak eta jakintza partekatzeak, ekarpen handia egiten dio gizarteari. Horrez gain, komunitatearen autonomia eta ahalduntzea sustatzea dakar. Horregatik, uste dut, horrelako proiektuek ekarpen handia egiten diotela gizarteari, batik bat, elkarlana bultzatzen dutelako. 

Mundukideren kasuan, Brasilgo nekazaritza txikiari lan duina izateko aukera eskaintzen dio; nekazariekin egiten dugu lan, eta haiek irmoki sinesten dute nekazari txiki guztiak batera lan eginda eta horretarako kooperatibak sortuta, botere handiagoa dutela lana sortzeko eta, ekoizten dituzten lehengaiak saltzean, negoziaketarako ahalmen handiagoa dutela agronegozioa sustatzen duten enpresa handien aurrean. Helburu nagusia, kate osoa integratzea da, landatik salmentara, agroekologia ardatz hartuta. Izan ere, nekazari txiki batek bere arroza edo esnea saltzen badio enpresa handi bati, seguruenik diru kantitate oso txikia eskainiko dio, aldiz, bost nekazari elkartzen badira eta euren kooperatiba sortzen badute, produkzio handiagoa izango dute, eta negoziatzeko indar handiagoa. 

Zer esango zenioke Mundukideren kooperantea izateko interesa duen norbaiti?

Azpimarratuko nioke aukera oso ona dela. Kanpora joateko gogoa baduzu, beste errealitate bat ezagutzeko interesa baduzu eta kooperatibismoan sinesten baduzu, aukera paregabea da beste errealitate batzuk ezagutzeko. MSTrekin zuzenean lan egitea izugarrizko luxua da, beste gizarte-antolaketa eredu bat ezagutzeko, eta pertsona gisa garatzeko.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 698 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!