Iazko arrakastaren ondotik, itzulera indartsua izango du 'Gure Eszena - Emakumeak oholtzan' egitasmoak. Datorren irailaren 19an berriro ere oholtza gainera igoko dira emakume musikariak, Berdura Plazan antolatu den jaialdiaren bigarren edizioan. Kontzertuak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta gauera arte luzatuko dira.
Aurtengo kartelak ere proposamen aberatsa eta anitza bildu du. Arratsaldean zehar Berdura Plazatik igaroko dira Iruzta, Nuria Culla, Hex Hearts, Zaunka eta Ziñez taldeko kideak. Proposamen estetiko eta musikal ezberdinak elkartuko dira bertan, eta herritar guztiak gonbidatuta daude musika zuzenean gozatzera eta tokiko sorkuntzari babesa adieraztera.
Aurreko urtean Lurgatz talde feministak eman zuen ekimen hori aurrera eramateko bultzada, Berdintasunean Ados taldearen eta Amasa-Villabonako Udalaren ekarpenarekin batera. Emakumeek oholtza gainean aritzeko gizonen adinako aukerarik ez izatearen gabezitik etorri zen egitasmoa antolatzeko beharra. Horrekin batera, emakumez osatutako taldeei ikusgarritasuna eman nahi izan zien.
