Zerbitzu publiko berri honekin Amasa-Villabonako adineko pertsonek autonomia mantentzeko laguntza izango dute, eta aldi berean, bakardade egoerak saihestu eta beste pertsonekin harremanak izateko aukera izango dute. Pertsona bakoitzaren egoera, beharrak eta afizio edo gustuak kontuan hartuko dira, eta horren arabera antolatuko dira saioak. Funtsezkoa da erabiltzaile bakoitzaren behar, motibazio eta gaitasunen gaineko esku-hartze indibidualizatua eskaintzea eta horregatik zerbitzu hau pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduan oinarritzen da.
Adinpoz programaren baitan jarduera ezberdin ugari garatu ahal izango dira hezitzaile profesional batek antolatu eta gidatutako saioetan: gimnasia egokitua, ibilaldiak, erlaxazio ariketak, estimulazio kognitiboa, eskulanak, irakurketa, kultura orokorra, jolasak, musika edota teknologia berrien erabilera. Egingo diren jarduerak parte-hartzaileen ezaugarrietara eta interesetara egokituko dira beti.
Urtean zehar beste jarduera batzuk ere antolatuko dira Amasa-Villabonako komunitatearekin lotura estua mantentzeko helburuarekin, hala nola hitzaldiak eta informazio saioak, tailerrak, belaunaldien arteko ekintzak, irteerak edo bisita kulturalak. Horrela, zerbitzuaren eguneroko jardueretatik harago, herriko bizitza sozialean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi da.
Izena emateko aukera irailaren 14tik aurrera
Zerbitzu berri honetan parte hartzeko interesa dutenek irailaren 14tik aurrera eman beharko dute izena. Horretarako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) edo Salbadora Jubilatuen Elkartera jo beharko dute, eta ez du inolako kosturik izango, zerbitzua doakoa baita.
Izen-ematea aurrera doan heinean eta apuntatu diren adinekoen kopuruaren arabera, taldeak osatuko dira. Horren arabera erabakiko da zerbitzuan izena emateko aukera denboran mantentzea edo ez. Dena den, Udalak ahaleginak egingo ditu zerbitzu honetan parte hartu nahi duten adineko pertsona guztiek horretarako aukera izan dezaten, inor kanpoan geratu gabe.
Saio irekia irailaren 29 eta 30ean
Adinpoz arreta zerbitzu berriaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko saio irekiak antolatu dira irailaren 29an 13:30etan, eta irailaren 30ean 15:30etan. Programan parte hartzeko interesa duten herriko adineko guztiak bertaratu ahal izango dira informazio gehiago lortzeko edota zalantzak argitzeko. Aurkezpen egunak izango dira; izena eman duten adinekoak lehen aldiz elkarrekin egoteko, zerbitzua kudeatuko duen hezitzailea ezagutzeko, jubilatu elkartearen lokala ikusteko, etab.
Lahar Elkargoak eskainitako zerbitzua
Udalak 14.980,18 euroko kontratua sinatu du Lahar Elkargoarekin, lehen ikasturtean (2026ko irailetik 2027ko ekainera) zerbitzu hau martxan jarri eta kudeatzeko. Lahar Elkargoak esperientzia handia du sektorean eta adinekoen arreta zerbitzu ugari kudeatzen ditu Gipuzkoan. Ondoren, zerbitzu honen kudeaketa esleipen publikora aterako da 2027an.
Udalak adineko pertsonak animatu nahi ditu doako zerbitzu publiko hau baliatzera. Adinpoz zerbitzuak astean hiru egunez zereginak izateko aukera eskaintzen du, pertsona berriak ezagutzeko, lagunekin egoteko, berriketan edo gauzak egiten aritzeko eta azken finean sozializatzeko eta ondo pasatzeko aukera bikaina eskaintzen du.
