Amasa-Villabonak kontsumo bonoen VIII. kanpaina jarriko du martxan herriko komertzioa sustatzeko

Udalak 57.000 euro bideratu ditu egitasmora Oria Merkatarien Elkartearekin lankidetzan; iraileko hirugarren astean hasi eta abenduaren 30era bitarte 41 saltokitan erabili ahal izango dira deskontu digitalak.

Amasa-Villabonako Udalak, Oria Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, kontsumo bonoen VIII. kanpaina abiatuko du tokiko merkataritzari bultzada berri bat emateko asmoz. Egitasmoa irailaren 19an jarriko da martxan eta abenduaren 30era bitartean egongo da indarrean, edo esleitutako bonoak agortzen diren arte. Guztira, Udalak 57.000 euroko inbertsioa bideratuko du ekimen horretara, herritarrak tokiko saltokietan kontsumitzera animatzeko eta bertako ekonomia biziarazteko.

Aurtengo kanpainan herriko 41 saltokik eman dute izena, eta establezimendu horiek erraz identifikatzeko "Bonoak hemen salgai" kartela jarriko dute erakusleihoetan. Udal ordezkarien esanetan, tokiko komertzioa Amasa-Villabonaren oinarri nagusietako bat da, eta erosketak herrian egitea ezinbestekoa da herri bizi-bizia izaten jarraitzeko.

Bono digitalak eta deskontu zuzenak

Aurreko urteetako sistemari eutsiz, bonoak ez dira paper fisikoan inprimatuko. Dendariek zuzenean aplikatuko dute deskontua erosketa egiteko unean bertan, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango bonoak aurrez eskuratzea. Bono bakoitzak 5 euroko balioa du,eta gutxienez 15 euroko erosketa egin beharko da deskontu bakar bat aplikatzeko.

Erosketaren zenbatekoaren arabera, honela banatuko dira deskontuak:

  • 15 €-ko erosketa: 5 euroko bono 1
  • 30 €-ko erosketa: 5 euroko 2 bono
  • 45 €-ko erosketa: 5 euroko 3 bono
  • 60 €-ko erosketa: 5 euroko 4 bono
  • 75 €-ko erosketa: 5 euroko 5 bono
  • 90 €-ko erosketa: 5 euroko 6 bono
Baldintzak eta informazioa etxez etxe

Bonoen abantailaz baliatzeko baldintza bakarra erosleak 16 urtetik gorakoa izatea da, eta NANa aurkeztu beharko da saltokian. Ez da kontuan hartuko bezeroa herrikoa den ala ez, eta pertsona bakoitzak gehienez 6 bono erabili ahal izango ditu establezimendu bakoitzean.

Herritar guztiek informazioa eskura izan dezaten, Udalak esku-orri bat banatuko du herriko etxe guztietan kanpainaren xehetasunekin eta parte hartuko duten 41 saltokien zerrenda osoarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!