Uxo-Toki Elkartea Pilota Federazioan sartuta dagoenez, 2011. urtean frontoiaren bueltan egitarau bat antolatzeko ideia izan zuten, eta egun hura gorpuzteko ideiatik tiraka sortu zen Txakolin Eguna. 13. edizioa ospatuko dute irailaren 19an –bi urtetako etenaldia izan baitzuten pandemiaren ondorioz–, eta antolatzaileek aurreikuspen bikainak dituzte berriro ere 700 bat lagun inguru erakartzeko.
Dastatzeko ohitura berriak eta mahai gaineko aniztasuna
Festako protagonista nagusia txakolina izanda, antolatzaileak pozik agertu dira Getariako Izendapeneko kideekin duten harreman gertukoarekin. Izan ere, plazan 30 bat upategiren eskaintza zabala izaten da urtero. Iker Urruzolak nabarmendu duenez, herritar zein bisitari asko harritu egiten dira hainbeste upategi batera ikusteaz.
Azken urteetan jauzi bat egon da txakolina dastatzeko ohituretan: garai batean betiko izen ezagunenetara jotzen bazen ere, egun jendeak upategi berriagoak eta ez hain ezagunak probatzeko gogo handiagoa erakusten du. Urruzolaren ustez, horretan eragin zuzena du mahaiak alfabetikoki antolatzeko moduak, hartara, upategi ezagun baten zain dauden bitartean, alboan dutena probatzera gonbidatzen baititu zaleak. Arrakasta horren erakusle da azken hiru urteetan txakolinik ez dela sobratu eta faltan ere geratu izan direla.
Sega txapelketa berriztatua: bikoteka eta herritarren arteko lehia sanoan
Urteek aurrera egin ahala, pilota edota herri kirolak erdigunean egotetik, egunak buelta bat eman du eta txakolina bihurtu da egitasmoaren protagonista. Azken urteetan, txakolin dastaketarekin batera sega txapelketak hartu du indarra. Aurtengoan berrikuntza nabarmena ekarriko du lehiaketak: saioa bikoteka egingo da. Denera 10 segalari arituko dira, 5 bikotetan banatuta, eta euren artean aita-semeak, anaiak nahiz osaba-ilobak arituko dira elkarren aurka sortzen den lehia sanoan, herrian jada apustuak eta giro beroa piztu direlarik.
Herri lanari esker mezua
Jaiak duen dimentsioa ikusita, Uxo-Toki elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkie ezinbestekoak diren bi zutaberi, “laguntza eske atea jo eta atea bakarrik ez, etxe osoa zabaldu dutenei”. Batetik, Aiztondo bailarako tabernariei, urtero tortilak borondate osoz prestatzen dituztelako eta haiek gabe hainbeste jenderi pintxoak eskaintzea ezinezkoa litzatekeelako. Bestetik, Uxo-Toki elkarteko egungo zein lehengo juntakide guztiei, 15 urte hauetan jaia antolatzen, afariak prestatzen eta elkartea zabalik mantentzen egindako lan ordainezinagatik.

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 699 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.