Irailaren 11n zabaldu zenuen erakusketa Amasa-Villabonako Gurea aretoan. Zer ikusiko du bertara gerturatzen denak?
Azken zortzi urtetan egin ditudan lanen aukeraketa dago ikusgai. Guztira, 50 bat artelan. Gehien-gehienak oleoak dira, baina badira beste zenbait material ere: burnia, texturak eta kutxa batzuk ere eraman ditut.
Obra asko ditut eginda eta aukeraketa egin dut, ikusleak hunkitzeko helburuz. Neronek idatzitako testu batzuk ere badaude erakusketan. Pentsamentura etortzen zaizkidan ideiak idazten joaten naiz eta horiek ere jaso ditut nire erakusketan. Gainera, margolan batzuk ere testua daramate.
Noiz hasi zinen arte munduan murgiltzen?
Oso gaztetan ezagutu nuen Vicente Ameztoy eta hortxe izan nuen nire lehen kontaktua artearekin. Hamasei urte nituela, irakasle batekin hasi nintzen, Donostian. Gero oso bolada txarra izan nuen, heroinaren garaian. Euskal Herrian, Asturiasen, Galizian... genozidioa egin zuten heroinarekin. Bolada artan etenaldia egin nuen eta sendatu ondoren, berriz ekin nion sormen lanari. Oraindik ere ikasten ari naizela esan dezaket. Beti ari naiz ikasten; bizitzako gauza onetatik, txarretatik... denetatik ikasten da eta polita da hori.
Duela bost urtetik hona, Euskal Herriko artisten kolektibo batean ari naiz, Villabonako Jon Iñaki Ormazabalekin batera. Ekintza ezberdinak egin ditugu eta, film labur bat ere sortu genuen, egindako lan horien inguruan: 'Sobre lo humano y lo divino'. Villabonan egin genuen estreinaldia.
Gazako genozidioaren inguruko erakusketa ere osatu genuen hainbat egileren artean, eta Euskal Herria osoan barrena ibili da erakusketa hori, azken bi urteotan. Horrez gain, beste hainbat artistekin ere aritu naiz elkarlanean, obra handiak sortzeko. Elkartasun hori oso beharrezkoa da.
Nire obren atzean beti dago arrazoi bat; alde batetik sufrimendua ageri da, eta beste aldetik birsortzea; errautsetatik sortzea, oinez jarraitzeko. Izan ere, nire ustez erortzea ez da txarra, ez jaikitzea ordea bai. Nire obretan bi alderdi horiek jasotzen ditut.
Nolakoa da zure sortze-prozesua? Nola bideratzen duzu?
Etxean egiten dut lan. Bakardadea behar izaten dut sortzeko. Kontzentrazio handia behar da, ideiak sortzen joan daitezen. Erretiroa bilatzen dut, eta denborarik gabe aritzen naiz. Sortu ondoren, zaila egiten zait erretiro horretatik ateratzea.
Sortzeko garaian, ideia da garrantzitsuena, eta hari zor diot dena. Erabilitako materiala da gutxienekoa. Normalean, marrazkiak egiten ditut lehendabizi eta ondoren lientzoaren gainean hasten naiz zuzenean.
Nahia eta ezina elkartzen dira sortze-prozesuan eta sufrimendua ere ekartzen du. Zeure buruarekin borrokan aritzen zara; asko exigitzen diozu zeure buruari. Ordutegirik gabe egiten dut lan, ideia etortzen zaidanean, buru-belarri jartzen naiz horretara. Tarteka, aurrean dudan lana trabatu eta irteerarik ikusten ez diodanean, utzi egiten dut. Burua lasaitzeko zerbait egiten dut horrelakoetan; sukaldean aritzeak, adibidez, asko lasaitzen nau.
Zein gai ari zara lantzen?
Azken hilabeteotan Gazako genozidioa ikertzen ari naiz. Egia esan, gertatzen ari den horrek guztiak ez dit harridurarik sortzen, bai ordea jendearen isiltasunak. Uste dut ona dela gertatzen ari dena argitara ateratzea, jakin egin behar dugu nor ari den mundua kaltetzen. Gazatik milaka kilometrora gaude, eta iruditzen zaigu ez digula eragiten, baina bete-betean eragiten digu. Sionismoa ez da geratuko. Europak eta herriak, herritarrok ,zerbait egin arte, ez dira geratuko. Herriak dauka giltza, gure eskutan dago aldaketarako aukera. Batzen bagara, boterea dugu eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko erabili behar dugu. Gutxiengo bat sufritzen ari bada, gizartea ez dago osasuntsu. Giza-baloreei garrantzia eman behar diegu.
Sionistek urte asko daramate gauza bera egiten. Gauza izugarriak egiten ari dira, ulertzeko oso zailak direnak. Ikerketan murgiltzen naiz, gero gaiaren inguruan sortu, eta nire obrarekin zerbait ona eskaini ahal izateko.
Datozen belaunaldietan dut esperantza; guk baino hobeto jokatzen jakingo dutela iruditzen zait; badut horretan esperantza. Gizartea lo mantentzen saiatzen ari dira, baina jendea argia da. Koska da gizarteak erosotasuna bilatzen duela, eta hortik atera behar dugula. Batu egin behar dugu borroka egiteko. Garrantzitsua da, esaterako, eskubiari boterera iristen ez uztea, eta hori gure eskuetan dago. Beharrezkoa da hitz egitea, ikusitakoak salatzea, gure haurrei gauzak azaltzea... bakoitzak bere neurrian eta dagoen tokitik, hori guztia egitea garrantzitsua da. Bereziki garrantzitsua da azken hau, haurrei gauzak azaltzea. Izan ere, aukeratzeko modua izango dute horrela; sistemak ematen diena hor izango dute beti, baina guk emandako hezkuntza egokia bada, normalean horren aldeko hautua egingo dute. Aukeratzeko aukera eman behar zaie eta askotan ez dute hori ere izaten. Gizartean, elkarren beharra dugu, eta garrantzitsua da gauzak maitasunez egitea; hori da guztiaren oinarria.
Zein da zure sormenaren helburua?
Barne-pobreziaren aurkako borroka da nire lanaren helburua. Nire obraren aurrean jartzen denak, pentsa dezala. Izan ere, esnatu egin behar dugu, gizarte gisa isolatzen ari gara, geroz eta gehiago eta oso azkar. Ez bagara horretaz konturatzen, galduta gaude. Alemaniako Sajonian ultraeskuinak irabazi du eta hemen ere eskuineko alderdiak agintera iristen badira, gaizki pasako dugu. Sionisten aldekoak baitira.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 699 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.