Hika txakolindegiko instalazioetan ¡Oh Vino! Izeneko bakarrizketa umoretsu batez gozatzeko aukera izango da datorren urriaren 1ean. Egitasmoa Amasa-Villabonako Udaleko Kultura Sailak antzerki, eta, oro har, kultura udalerriko beste gune batzuetara zabaltzeko hartu duen iniziatibaren barruan kokatzen da. Ikuskizuna La líquida teatro-k ekoitzia da, eta David Garcia-Intriago aktorea arduratuko da bere bakarrizketaren bidez jendeari barre eginarazteaz. 19:00etan hasiko da ikuskizuna eta gaztelaniaz izango da. Umoreaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere egongo da, Santi Vokram biolin-jotzaileak lagunduko baitu ikuskizuna. Emanaldia ikusteko 15€-ko sarrera ordaindu beharko da. Publikoak Hika txakolina dastatu ahal izango du, eta pikatzekoa ere eskainiko dute.
Urtea amaitu aurretik txakolindegian bertan beste kultur jarduera bat ere egongo dela iragarri dute, eta hori euskaraz izango den ikuskizun bat izango da.
Ardoaren eta antzerkiaren mitoaren atzean
¡Oh Vino! antzezlanak gizakiaren historiaren, antzerkiaren eta ardoaren jatorriaren arteko bidaia berezi bat proposatzen du, komediaren eta tradizioaren bidez. Dionisos jainkoaren mitoa zein barrearen eta askatasunaren inguruko kontakizunak ardatz hartuta, lanak edari magiko honek gure kulturan, elikaduran eta jai-ohituretan izan duen garrantzia aztertzen du.
Antzinako komikoen formak eta ikuskizun garaikidea uztartzen dituen emanaldi honetan, ikusleek parte-hartze aktiboa dute. Dastaketako ardo-kopa bat eskuan dutela, publikoak antzinako jainkoak, faraoiak eta hainbat pertsonaia historiko ikusiko ditu oholtza gainean, azkenean tradizio grekoaren gisa koru bihurtu eta ikuskizunaren parte izateko.