Giro bikaina, Amasako Txakolin Egunean

Ainhoa Gil

Binakako Sega Txapelketa herrikoiarekin, modu ikusgarrian eman diote hasiera aurtengo Txakolin Egunari. Eguraldia lagun, jende asko gerturatu da ondoren Amasako plazara, txakolina dastatzera. Pintxoak ere izan dituzte aukeran, baita txekor errea ere.

Goizean oso goiz hasi dituzte prestaketa lanak Amasako plazan. 07:00etarako gerturatu dira, txekorra erretzeko beharrezko guztia prestatzeko. Arratsaldean, guztia prest zeukaten eta 16:30etan hasi da festa.

Bost bikotek parte hartu du aurtengo sega txapelketan. Giro ederrarekin, Mutioko belazeetan egin dute. Berrehun metroko sailetan aritu dira lehendabizi bost bikoteak eta, finalerako sailkatu diren bi bikoteek hirurehun metroan aritu behar izan dute. 

Ikusmin handia sortu du kirol probak. Mikel eta Oihan aita-semeak izan dira lanari ekiten lehenak eta, maila ederra erakutsi dute. Manex eta Aizberri, Arkaitz eta Ota, Luis Mari eta Julen Etxeberria,  Bordatxo eta Kepa Otegi. Azken bi bikote hauek saikatu dira finalerako. Herrikideen eta zaletuen animoak eta txaloak izan dituzte babes. Azkenik, Kepak eta Bordatxok etxeratu dute txapela. Guztiek ere lan bikaina egin dute eta ikusleek gozatu ederra hartu dute.

Sega amaituta, txakolin dastaketari ekin diote plazan. Eguraldia lagun, oso jendetsua izan da aurtengo edizioa eta giro ederra sortu da. Pintxo ederrak ere izan dira aukeran eta bisitariek ongi baliatu dute hori ere. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!