Maila handiko kultur ikuskizunak, gurean

Iraia Sanchez Arregi

Amasa-Villabonako Udalak kalitatezko proposamenez osatutako kultur egitaraua prestatu du udazken hasiera honetarako. Antzezlan zein musika emanaldiak izango dira protagonista.

Amasa-Villabonako Udalak kultur eskaintza indartsua eta anitza antolatu du datozen asteetarako Gurea antzokian nahiz Aljibean. Mota askotako diziplinak uztartzen dituzten ikuskizunek osatzen dute karteldegia, herritarrei goi mailako esperientzia artistikoak gerturatzeko helburuarekin.

Metrokoadroka konpainiaren 'Bi baso bat ur' antzezlanaz gozatu ahal izan zen irailaren 18an, eta datozen egunetan Estefanía de Paz nafarraren 'Olvido flores' sormen-lana nahiz Maite Larburu eta Jurgi Ekizaren kontzertuak iritsiko dira Amasa-Villabonara. Ikuskizun guztietako sarrerak Villabonako Udalaren webgunean edota leihatilan bertan eskura daitezke.

'Bi baso bat ur': tratu txarren osteko alaitasunaz

Irailaren 18an zabaldu zen emanaldi zikloa Gurea antzokian, Metrokoadroka konpainiaren Bi baso bat ur antzezlanarekin. Oiartzun eta Errenteriako artistek osatutako taldeak hausnarketa sakon zein sentibera proposatu zion ikusleari: tratu txarrak jaso dituen pertsona baten alaitasunerako eskubidea, eta umoreak ahalduntzerako zein mina gainditzeko duen garrantzia.

Dantzaleku baten erdian erabat geldi dauden lau pertsonaren istorioa kontatu zuen antzezlanak, sakontasuna, errespetua eta alaitasuna uztartuz. Metrokoadrokak, bere oinarri den esperimentazio artistikotik eta ikuspegi kritikotik, arte eszenikoen eta plastikoen arteko muga-zeharkaketa nabarmendu zuen beste behin Amasa-Villabonako agertokian.

'Olvido flores': memoria eta poesia 

Hurrengo hitzordua ostiralean izango da, irailaren 25ean 19:30ean, Aljibean. Estefanía de Paz Iruñeko diziplina anitzeko artistak Olvido flores antzezlana taularatuko du. Ikuskizuna gaztelaniaz izango da.

Zirkua, antzerkia, dantza eta objektuen lengoaia uztartuz, Nafarroako Lodosan 1936ko uztailean izandako gertaerak eta Anastasini zirkuaren historia ekarriko ditu gogora. Ikuskizuna oroimenari eta inork lorerik eraman ez zien pertsona ahaztuei egindako omenaldia da. Proposamenak ibilbide azpimarragarria du atzetik: estatuko Max Sarietarako hautagai izan zen 2024an, eta hainbat jaialditako sari nagusiak eskuratu ditu, besteak beste, Argentonako Sense Portes, ARCA eta Valladolid-eko TAC jaialdietan.

Maite Larburu eta Jurgi Ekiza: 

Musika eskaintzak irailaren 27an, igandea, 19:30ean hartuko du Gurea antzokia, Maite Larburu eta Jurgi Ekiza musikarien eskutik.

  • Maite Larburu (Hernani): Amsterdamen 16 urtez bizi izandako biolin-jotzaile eta sortzaileak nazioarteko ibilbidea du Europako talde historizistetan (Amsterdam Baroque Orchestra, B’rock). Tradizioa eta abangoardia nahastuz, soinu-unibertso bereziak irudikatzen ditu oholtza gainean.
  • Jurgi Ekiza (Baiona): Willis Drummond talde ezaguneko abeslari eta sortzailea bakarkako zein taldekako proiektuetan aritzen da, bere barne-unibertso aberatsa ahots, gitarra eta perkusio ezberdinen bidez zabalduz.

Datozen ikuskizunak

  • Olvido flores: irailaren 25ean, 19:30ean Aljibean. Antzezlana.
  • Maite Larburu eta Jurgi Ekiza: irailaren 27an, Gurea antzokian. Kontzertua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!