Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Villabonako herritarren eta boluntarioen eskuzabaltasuna eskertu du

Minbiziaren aurka Gipuzkoan elkarteko itsulapikoa.

Irailaren 12an egindako urteko diru-bilketan, guztira 1.140,14 euro bildu zituzten herrian zehar jarritako mahaietan, elkarteak gaixotasunari aurre egiteko bideratzen dituen proiektuei bultzada handia emanez.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak publikoki eskertu nahi izan du Amasa-Villabonako biztanleek eta boluntarioek erakutsitako eskuzabaltasuna.Gelditzen zarenean, minbiziaren aurka mugitzen gara lelopean egin da aurtengo kanpaina. Ekimenaren bidez, elkartearen itsulapiko edo mahai baten aurrean gelditzeko keinu txiki horrek duen balioa nabarmendu nahi izan dute, keinu sinple horrek ikerketa bultzatzeko eta itxaropena sortzeko gaitasuna duen mugimendu kolektibo bat aktibatzen baitu.

Ikerketa eta doako zerbitzuak bermatzeko funtsak

Urteroko deialdi horren xede nagusia da gizartearen babesa ikertzaile, osasun-langile, psikologo eta gizarte-langileei helaraztea. Lortutako diru-kopuruari esker, elkarteak hainbat lan-ildo finantzatuko ditu: ikerketa onkologikoko proiektuak, paziente nahiz senideentzako arreta-programak, eta gaixotasunaren prebentzio zein detekzio goiztiarrerako kanpainak. Horrez gain, bildutako funtsak ezinbestekoak dira elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen doakotasuna bermatzeko eta minbiziaren %70eko biziraupena lortzeko erronkari eusteko.

Elkarteak esker mezu berezia helarazi die Amasa-Villabonan ekarpena egin zuten boluntarioei, euren dedikazioari esker herritarren artean elkartearen presentzia handitzea eta eguneroko lana ezagutaraztea lortu baitute.

Azkenik, gogoratu dute bilketa egunean ekarpena egin ezin izan zuten herritarrek oraindik ere badutela aukera beren alea jartzeko, internet bidezko itsulapiko digitalaren bidez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!