Gazte Topagune Sozialistari buruzko xehetasunak eman zituzten Amasa-Villabonan

Topagunearen eskualdeko aurkezpen-zikloa itxi zuten Amasa-Villabonan antolatu zuten egitasmoarekin. Boxeo-ikuskizuna ere eskaini zuten, jende andana bilduz ringaren inguruan.

Eskualdeko hainbat herritan egin dituzte aurtengo Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpenak. Pasa den larunbatean Amasa-Villabonako Txermin ikastetxean elkartu ziren eskualdeko aurkezpen-zikloko azken aurkezpena egiteko. Arratsaldeko 19:00etan eman zioten harrera bertaratutakoei, eta, ondoren, boxeo-ikuskizunari ekin zioten. Lau saioko erakustaldia izan zen, eta bertan eskualdeko kirolariek ere parte-hartu zuten. Jarraian, ekitaldi politiko baten bidez, Topaguneari buruzko azalpenak eman zituzten. Egitaraua borobiltzeko, DJ Sassy aritu zen iluntzea girotzen.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatzen dute egitasmoa, eta aurtengo edizioa urriaren 9tik 12ra izango da Elizondon.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!