"Mendietan zentral eolikorik ez!" ozen oihukatu zuten Zelatunen

Iraia Sanchez Arregi

Amasamendi Bizirik plataformak deituta elkarretaratzea egin zuten Zelatunen makroproiektu eolikoen aurka. Izan ere, Amasamendin Premier Group enpresak bi makroeoliko jartzeko proiektua du martxan.

Hil honen 24an Premier Group enpresak Amasamendin bi makroeoliko jartzeko proiektua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan, ingurumen txostenarekin batera. Amasamendi Bizirik plataformak argi adierazi zuen ez dutela onartuko “mendiak eta ingurunea interes ekonomiko pribatuen mesedetan suntsitzea, ezta trantsizio berdearen izenean makroproiektu suntsitzaileak inposatzea ere”. Horrekin batera, jakinarazi zuten aste honetatik aurrera eta hilabete batez, helegiteak biltzen arituko direla proiektua geratzeko asmoz. Prozesu horretarako herritarrak haien sinadura ematera bultza zituzten.

“krisi ekologikoa ez da teknologia faltaren ondorioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa behar duen sistema baten emaitza zuzena baizik.”

Makroproiektuen atzeko ingurumen kalteak

“Trantsizio berdearen” izenean Euskal Herriko mendietan energia berriztagarrien makroproiektu ugari proposatu dira azken urteetan. Horrelako proiektuek, ordea, “mendien industrializazioa, basoen suntsiketa eta biodibertsitatearen galera” dakartela salatu zuten Amasamendi Biziriketik. Horrekin batera, makro mailako berriztagarrien hedapen neurrigabearen helburua inolaz ere ez dela “kontsumo energetikoaren efizientzia edota murrizketa”, baizik eta “gutxi batzuen irabaziak handitzen jarraitzea” dela agerian utzi zuten.

Gainera, azaldu zuten “azken hamarkadan instalazio eoliko eta fotovoltaikoen inoizko zabalpen handiena eman bada ere, ikertzaileek diotela oraindik ez dagoela CO2-aren emisioen “gailurra” iritsi den seinalerik, emisioek gora egiten jarraitzen baitute”. Horregatik diote plataformatik “datu horiek erakusten dutela krisi ekologikoa ez dela teknologia faltaren ondorioa, etengabeko hazkunde ekonomikoa behar duen sistema baten emaitza zuzena baizik”.

Herri mobilizazioa ardatz

Plataformaren ordezkariek argi utzi zuten herritarrak hasieratik adierazi zutela dimentsio horretako proiektu batek “ingurunean izango lituzkeen ondorioak onartezinak direla”. Bide horretan, makroproiektuaren berri izan zutenetik, Amasamendi Bizirik plataforma osatu eta haize-errota horiek ezartzeko proiektua atzera botatzea bultzatzeko antolatu dira. Aurreko urteko uztailean proiektuaren aurkako 1548 sinadura bildu zituzten.

Herritarren borroka eta presioa horrelako proiektuak gelditzeko ezinbesteko erreminta direla nabarmendu zuten. Horren adibidetzat jarri zuten herritarren borrokaren bidez Azpeitian Pisape proiektua geratzea lortu izana duela urtebete. Horregatik, lurraren defentsan eta makroeolikoen aurka lanean, antolatzen eta borrokan jarraituko dutela garbi utzi zuten.

Enpresarekin harremanak behin betiko eteteko aldarria

2025eko martxoan eman zuten proiektu horren berri, eta, ordutik, Udala enpresarekin biltzen aritu da. Pasa den udaberrian Udalak Aldundiaren ingurumen-txostena jaso zuen, eta bertan proiektuak babestutako espezieengan eragin nabarmenak izan ditzakeela adierazten zen. “Gaur-gaurkoz Amasa-Villabonako Udalak negoziaketarekin jarraitzeko asmorik ez duela adierazi badu ere, Udalak enpresarekin harremanak behin betiko moz ditzan” exijitu zuten plataformatik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ingurumen aldetik proiektua egingarria dela frogatuz gero, Udalak berriro proiektua bultzatzeko asmoa duela salatuko zuten.

Gainera, ate joka dauden hauteskundeei begira, “herritarren presioak eraginda Udalak bere posizioa zuritzeko asmoa” izan dezakeela salatu zuten, Udaletik ere proiektuaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituztela adierazi baitzuten.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!